Ekonomiaren suspertzea 2013ra atzeratu du Euskadiko Kutxak

Urte erdian urtebete atzera egin dela dio, eta 2012an Hegoaldean hazkundea apaltzea eta langabezia igotzea espero duBaztertu egin du beste finantza erakunderen batekin bat egitea, eta bakarrik jarraituko du

Joseba Madariaga eta Xabier Egibar, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
jakes goikoetxea
Bilbo
2011ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Euskadiko Kutxaren aurreikuspenek argi eta garbi erakusten dute Hego Euskal Herriko ekonomia, Europako ekonomia gehienak bezala, moteldu egin dela denbora gutxian: iazko abenduan Euskadiko Kutxak espero zuen aurten hazkundea sendotuko zela eta 2012an lanpostuak sortzen hasiko zela; uztailean 2012ra atzeratu zituen hazkundea eta langabezia jaisten hastea; eta atzo ohartarazi zuen 2012an ez dela izango ez hazkunde nabarmenik, ez langabeziaren jaitsierarik. Gertatzekotan, 2013an gertatuko dira.

Xabier Egibar Euskadiko Kutxako zuzendariordeak argi eta garbi azaldu zuen aurtengo joera aldaketa, atzo: «Urte erdian urtebete galdu dugu. 2012an ez dugu espero albiste pozgarririk». Egibarrek erakundearen aurreikuspenak aurkeztu zituen, Bilbon, Joseba Madariaga Ikerketa Saileko zuzendariarekin batera.

Hazkunderik ez

Euskadiko Kutxak oso hazkunde apalak espero ditu datorren urterako: barne produktu gordinaren (BPG) %0,5 Nafarroan eta %0,4 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gobernu eta erakunde gehienen moduan, ez du atzeraldia baztertzen, hau da, hazkunde negatiboa bi hiruhilekotan jarraian. Urte hasierako joerak urte osoan jarraituz gero, aldiz, orain Hego Euskal Herriko hazkundea puntu bat handiagoa izango litzateke.

Madariagak uste du ekonomia bizitu egingo dela 2012aren erditik aurrera, eta 2013a BPGaren %1,6ko hazkundearen amaitu ahal izango dela. «Baina hori», argitu zuen, «errealitatea baino gehiago, nire nahia da, fikzioa».

Langabezia gora

Hazkunderik gabe, langabezia ez da jaitsiko, igotzen jarraituko du: «Ekonomiak bizitasuna behar du langabezia jaisteko, eta oraingoz ez da egongo bizitasunik ekonomian». Euskadiko Kutxaren kalkuluek diote Hego Euskal Herrian BPGaren %1,6 inguruko hazkundea behar dela langabezia gutxitzeko. Eta erakundearen aurreikuspenak kopuru horretatik oso urrun daude.

Euskadiko Kutxak 2012an %12,5eko langabezia tasa espero du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %13koa Nafarroan. Batez besteko kopuruak dira; beraz, litekeena da urtean kopuru horiek gainditzea. «Hala ere, ez dugu espero igoera gogorrik, enpresek2009an eta 2010ean egin baitzituzten doitze handiak», Madariagaren esanetan.

Europako funtsezko erabakien zain

Egoera samurtzeko funtsezko arazo bat konpondu beharra nabarmendu zuten, bai Egibarrek, bai Madariagak: Europako zor subiranoaren krisia. «Politikarien ordua da», esan zuen Madariagak, uztaileko eta abenduko goi bileren emaitzek etsituta. «Neurriak hartu behar dituzte, horrela bakarrik lortuko baitugu 2013tik aurrera ekonomia suspertzea».

Inflazioa kontrolpean

Euskadiko Kutxak ez du gorabehera handirik espero prezioetan. Aurten Hego Euskal Herrian %3 inguruko inflazioa izango dela dio, eta 2012an %1,7 ingurukoa. Eurogunean ere antzekoa. Ondorioz, inflazioaren beldurrik gabe, «moneta politikak», Europako Banku Zentralak (EBZ), egoerara moldatzeko aukera gehiago izango ditu, Madariagaren arabera.

Neurritasuna eta erreformak

Europako gobernu guztiak murrizketa neurriak aplikatzen ari dira, defizit publikoa gutxitzeko. Neurritasuna arau bihurtu dute. Hainbat erreforma jarri dituzte indarrean. Eta horrek ekonomia ito egingo du. Bai behintzat 2012an. «Konponbideak, austeritateak, ez du BPGaren hazkundea bermatuko eta, jakina, lan merkatuaren hobekuntza atzeratu egingo du», esan zuen Egibarrek.

Dena den, Euskadiko Kutxako zuzendariordeak bi eragin bereiztu zituen: bata berehalakoa, 2012an, «kaltegarria»; bestea luzera begirakoa, 2013an, ona. Horregatik, Espainiako lan erreforma eta pentsio sistemaren erreforma txalotu zituen, «sinesgarritasuna», lehiakortasuna eta pentsio sistemaren diru kutxa hobetuko dituztelako.

EBZri dirua eskatu dio

Europako finantza erakunde ia gehienek jo zuten herenegun EBZren diru merkearen enkantera. Euskadiko Kutxak ere bai, baina ia gogoz kontra, Egibarrek esandakoen arabera: «Parte hartzeko gomendatu digute eta testimonialki parte hartu dugu. Diru gutxi eskatu dugu». Euskadiko Kutxako zuzendariordeak zehaztu zuen 2013ko abendura arte ez dutela ordainketa garrantzitsurik egin behar zorra bueltatzeko.

Bat egiterik ez

Euskadiko Kutxak bakarrik jarraituko du. Orain arte ez du izan bat egite prozesuetan parte hartzeko asmorik, eta gero ere ez. Egibarrek ez zuen Kutxabank aipatu, baina aipatu gabe ere gezurtatu egin zuen Kutxabankek sartzeko asmoa dutenik. «Gure eredu propioa dugu, berezia, eta gure ikuspegi estrategikoa», aipatu zuen. Eta egoera ona da aldagai nagusietan, hala nola kaudimenean, likidezian eta eraginkortasunean: «Bakarrik jarraitzea ahalbidetzen digute».

Kutxabank, «garrantzitsua»

BBK, Kutxa eta Vital Euskadiko Kutxaren lehiakideak dira, eta urtarrilaren 1etik aurrera ere lehiakide izaten jarraituko dute, kutxek bat egin eta finantza negozioa Kutxabankera pasa badute ere. Egibarrek ez du aldaketa handirik espero merkatuan. Onartu zuen Kutxabank proiektu «garrantzitsua» dela herriarentzat, eta ibilbide «ona» opa dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.