Ekosozialismoa, nahitaez

Trantsizio ekologikoak lan munduan izango duen eraginari aurrea hartu eta hura diseinatzen hasteko irizpideak zehaztu ditu LABek. Prozesu planifikatua izan behar duela nabarmendu du, eta pedagogia egin behar dela hala langileekin nola enpresariekin.

Autogintzako enpresa baten muntaketa kate bat. CARLOS RAMIREZ / EFE
Autogintzako enpresa baten muntaketa kate bat. CARLOS RAMIREZ / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2025eko maiatzaren 4a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Autogintza dardarka dago, energia sektorea eraldaketa prozesu betean, isuri kutsakorrei buruzko legeek jardun industrial askoren baldintzak aldatu dituzte... Ingurumenarekin zerikusia duten arrazoi, argudio edo aitzakiak arrasto sakona uzten ari dira lan merkatuan, eta sindikatuek haien jarduna egokitu beharra daukate. «Argi genuen hurrengo urteetan bazetozela aldaketak, guk bultzatuta edo bultzatu gabe, eta langileen eskubideen bizkar: kaleratzeak, murrizketak... Eta argi genuen sindikatu gisa posizionamendu bat behar genuela, eta lantokietara eramateko moduko eskaintza bat». Oihana Lopetegirena da azalpena, LAB sindikatuko Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko arduradunarena.

LABen sindikalismo ekosozialistarako bidean eginiko txostenaz mintzo da. Sindikatuak Irunen (Gipuzkoa) eginiko biltzar arteko biltzarrean aurkeztu zuen, eta egun buru-belarri dabil agiria lantokietan lurreratzeko fasean. Lan horretan bidaide du, besteak beste, Endika Perez Ekintza Sozialeko arduraduna, eta pasadizo bat kontatuz ilustratu du aldaketaren premia: «Duela bost urte autogintzako enpresetako 30 bat ordezkarirekin bildu nintzen. Beldurrak aipatzean deslokalizazioaz mintzo ziren, robotizazioaz... Nik ekologismoaren izenean auto gutxiago ekoitziko zirela aipatu nien, trantsizio ekologikoa... Zerbait teorikoa zen haientzat, politikoa kasik. Orain haien jarrera guztiz aldatu da, gaia jorratzeko eskatzen digute. Orain inork ez du ukatzen eraldaketa egongo denik».

«Argi genuen hurrengo urteetan bazetozela aldaketak, guk bultzatuta edo bultzatu gabe, eta langileen eskubideen bizkar: kaleratzeak, murrizketak... Eta argi genuen sindikatu gisa lantokietara eramateko moduko eskaintza bat behar genuela»

OIHANA LOPETEGILABeko Ekintza Sindikaleko arduraduna

Premisa batek zipriztintzen du txosten osoa: krisi ekologikoa presente egongo da egungo eta etorkizuneko lan gatazketan, guztietan. Eta diagnosi hori kontuan izanda, hemendik aurrerako jardun sindikalerako helduleku da agiria. Gainera, langileek jada ez dute ekologismoa mehatxu gisa ikusten: «Beraiek ikusten dute aldaketak datozela, ezagutzen dituzte beren sektoreak», aletu du Lopetegik. Gaiak pedagogia egitea eskatzen du, «bai langileekin bai enpresariekin», eta, hori jakinda, LABek proposamen ideologikoa eta lan ildoak jorratu ditu egoeraren diagnosia egiteaz gain, betiere sindikatuaren ideologia ekologistaren prismatik. Hala sortu da ekosozialismoaren kontzeptua.

Mecanerren ikasgaia

Eta nola jokatu daiteke trantsizioak kolpatutako enpresa batean? Lopetegik bi bide ikusten ditu modu orokorrean: «Batetik lanpostuen defentsa irmoa egin beharra dago, eta hortik ez atera, jakinda aldaketa etorriko dela eta enplegua galduko dela; edo borrokari beste nonbaitetik heldu. Enpleguak defendatuko ditugu edo langileak? Langileen eskubideak defendatuko ditugu, zalantzarik gabe. Borroka askotan eskubide hori ez dute bermatuko, horregatik aurrea hartu behar diegu gatazkei».

Mecaner Urdulizko (Bizkaia) trokelgintza historikoaren itxiera prozesua gertutik aztertu zuen Perezek. LABek bultzaturiko prozesua aipatu du eredu gisa: «Gatazka horri ohiko moduan egin ziezaiokeen aurre: hemen ekoizpen zentro bat dago, eta Txinara eramango dute. Aldagai berri bat sar dezakegu; automozioa krisian dago eta, krisi ekologikoak, besteak beste, sektorea aldatzea eskatzen du».

ENDIKA PEREZ ETA OIHANA LOPETEGI
Endika Perez eta Oihana Lopetegi LAB sindikatuko kideak. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Mecanerren ekoizpena aldatzen saiatu ziren, langileen ezagutza eta bertako makineria kontuan hartuta. Besteak beste aerosorgailuentzako piezak, hidrogeno berderako hodiak eta autoentzako baterientzako kutxak ekoitz zitezkeela ondorioztatu zuten. «Hiru horiek mugimendu ekologistan defendatzea zaila zen. Problematikoa zen, baina ulertzen genuen automozio sektoreko langile batzuek bide hori egiteak ahalmen handiagoa zuela ohikoa bidea hartzeak edo gaia ez politizatzeak baino».

Etxeko lanak erakundeei

Txostenean LABek ez du industria demonizatzen. Lopetegik azaldu du: «Uste dugu herri honek industria behar duela, aberastasuna sortzen duela, zerbitzuak sostengatzeko behar dugula, baina eztabaidatu behar dugu zer industria behar dugun, eta ondo planifikatu behar dugu trantsizioa». Planifikazioa maiz aipatzen da, besteak beste, auto elektrikoen edota aerosorgailu eta eguzki panelen ekoizpen masiboa alde batera uzteko. «Kapitalismo berdea da hori», zehaztu du Perezek: «Diru publiko pila bat jarri da, eta esku pribatu gutxi batzuen esku utzi. Eraldaketa horiek aurrera eramango dituzte baldin eta errentagarriak badira; hortxe dago gakoa: enpresek beti dute etekina helburu, eta horregatik behar da beste eredu bat».

«Kapitalismo berdea saihestu behar da. Eraldaketa horiek aurrera eramango dituzte baldin eta errentagarriak badira; hortxe dago gakoa: enpresek beti dute etekina helburu, eta horregatik behar da beste eredu bat»

ENDIKA PEREZLABeko Ekintza Sindikaleko arduraduna

Planifikazioa, kontrol publikoa... Txostenean etxeko lan handiak jarri dizkiete erakunde publikoei, eta adierazi dute botere legegilea ez dela Europarena bakarrik. «Euskal erakundeek eskumen gutxi dituzte, baina dituztenak ez dituzte erabiltzen», salatu du Perezek. Mecanerren ikusi genuen hori: langile batzordeak trantsizio plana abian jartzeko laguntza eskatu genuenean, erantzuna izan zen bazeudela enpresentzako laguntza lerroak, baina enpresa batzordeentzako ez».

Lopetegik jarraitu du: «Enplegua bermatzeko laguntzak eskaintzen dituzte, baina inolako baldintzarik gabe. Laguntza handiak jaso dituzten lantegi batzuk itxi dituzte, eta jabeek ez dute dirurik bueltatu behar izan». Enpleguari dagokionez, aipatu dute batzuetan langileak errentagarritasun gutxiagoko sektoreetara lekualdatzen direla. Alde horretatik, funtsezkotzat jotzen du bizitzari eusteko ezinbestekoak diren lanbide eta zerbitzuetako langileen baldintzak hobetzea. «Trantsizioak ezin du langileen pobretzea ekarri. Aitortza sozial eta ekonomiko hobea posible da», ondorioztatu du.

Nola APLIKATU teoria lan itunetaN?

Txostena hausnarketa sakon eta mamitsu bat da, baina LABek ez du nahi hori bakarrik izan dadin. Eguneroko jardun errealean txertatu nahi du, eta dagoeneko mahai gainean jarri du lan hitzarmenen negoziazioan. Esaterako, lan osasuna jorratzean, muturreko klimatologiaren arriskua aipatzen du. Mugikortasun planak ere izendatzen ditu, auto pribatuaren erabilera murrizteko; edota informaziorako eskubidea, enpresak zenbat eta nola kutsatzen edo birziklatzen duen jakiteko.

Horiez gain, Lopetegik nabarmendu du parte hartze espazioak aldarrikatzen dituztela, enpresek zehaztu dezaten zer norabide hartuko duten trantsizioan : «Langileekin partekaturiko espazioak izan daitezela. Sektorea nola dago? Norantz jo behar dugu? Horrelako erabakiak guztien artean hartzeko eskubidea itunean zehaztu behar da». Horrez gain figura berritzaile baten sorrera iradokitzen du txostenak: Bidezko Trantsizio Ekosozialerako Batzordeena, hain zuzen. Eskualde mailan antolatuko lirateke, eta erakundeen, langileen eta enpresen ordezkariekin osatuko lirateke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.