Zergak

ELA: «Enpresek zergak ez ordaintzearen konplize dira Urkullu eta Txibite»

«Euskal Herrian, zenbat eta gehiago eduki, orduan eta zerga gutxiago ordaintzen dira», salatu du Lakuntzak, eta zerga erreforma eskatu du

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia, Bilbon. ELA
Iker Aranburu.
2021eko ekainaren 3a
16:49
Entzun

Zerga sisteman aldaketa sakonak eskatzeko kanpainak Bilbora eraman du Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia. Arriaga antzokiaren alboan, sindikatuko kideen aurrean, Lakuntzak ziurtatu du «inoiz baino beharrezkoagoa» dela erreforma bat, krisiak desberdintasunak eta behar sozialak areagotu dituelako: «Justizia sozialagatik ez ezik, krisiari irtenbidea emateko bidea ere bada».

Erreforma horren abiapuntua izango litzateke errenta handia dutenek eta enpresek gehiago ordaintzea, uste baitute orain kontrakoa gertatzen dela: «Euskal Herrian, zenbat eta gehiago eduki, orduan eta zerga gutxiago ordaintzen dira, eta haiek ordaintzen ez dutena beste batzuek ordaindu behar dugu». Egoera horren arduradunak propio izendatu ditu Lakuntzak: «Urkullu, Rementeria, Olano, Txibite... enpresa handiek zergak ez ordaintzearen konplize dira».

Sozietate zergaren tasa nominala irabazien %24 eta %28 artean egon arren —enpresaren neurriaren eta lurraldearen arabera—, Lakuntzak nabarmendu du enpresa handiek irabazten dituzten hamar eurotik bakar bat ordaintzen dutela: «Langileak dira ekarpen handiena egiten dutenak: jornalen zuzeneko zergetatik datoz ogasunak jasotzen dituen lau eurotik hiru. Egoera hori hautu baten ondorioa da. Injustizia hori amaitzeko, erreforma fiskala behar dugu».

Gainera, industria politikarik ez izatea leporatu die erakundeei, eta «zentzugabetzat» jo du beherapenak eskaintzea enpresak erakartzeko eta haiei eusteko zerga: «Zergatik daude enpresak Alemanian edo Frantzian, eta ez Marokon? Bada, berrikuntza, formazioa, komunikazioa, hornikuntza sareak eta beste daudelako».

2.300 euroko funtsa

«Benetako politika industriala»  eskatu du Lakuntzak, eta horren barruan kokatu du ELAren proposamena: enpresa estrategikoak babestuko dituen 2.300 milioi euroko funts bat sortzea.

ELAk bihar jarraituko du zerga erreformaren aldeko kanpainarekin, Iruñean, Errekoleten plazan. Hurrengo topaketa hilaren 15ean izango da, Gasteizen, eta 17an Donostian bukatuko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.