Enplegu planaren sinadurak areagotu egin du ELAk Nafarroako Gobernuarekin duen haserrea. Sindikatu horrek uste du Miguel Sanz eta Yolanda Barcina presidente zireneko garaietara itzultzen ari dela Maria Txibite egungo lehendakaria, «erregimenaren irizpide antidemokratikoetara». Planaren eskutik hainbat organo sortuko direla gogorarazi du: «Iruzurraren aurkako mahaia, Hezkuntza Kontseilaritzarekiko LHri buruzko lantaldea, Laneko Ikuskaritzarekiko hirutarako espazioa...». ELAk badu definizio bat erakunde horietarako: «Erregimenaren txiringitoak berpiztu dira».
ELAk gogorarazi du urtetik urtera indarra galtzen ari direla UGT eta CCOO hauteskunde sindikaletan, eta dagoeneko ez dutela ordezkaritzaren erdia: 2011tik 2020ra %54,9tik %48,5ra jaitsi da haien babesa hauteskunde sindikaletan. Horrek «zilegitasun demokratikoa» kentzen dio planari.
Sindikatu abertzaleak uste du enplegu plana sindikatu horien ordezkaritza handitzera bideratuko dela. Horrela, ELAk salatu du, planean «orokorkeriak» nagusi diren arren, «langileen onerako omen diren aurrekontu sail bakarrak UGTren eta CCOOren koadroek jasoko dituzten soldatak ordaintzeko izango dira». Prebentzioko lurralde ordezkariek 1,2 milioi euro jasoko dituzte, eta 600.000 euro, berriz, berdintasun agenteek.
Prebentzioko lurralde ordezkariak aurretik ere egon zirela eta lan istripuak eragozteko «erabat alferrekoa» izan zela ziurtatu du ELAk, «baliatzen zen UGTk eta CCOOk hauteskunde sindikalak antola zitzaten beste sindikatuek sartzeko arazoak zituzten enpresetan». Konparaziorako, ELAk nabarmendu du eraikinetatik amiantoa kentzeko planak 120.000 euro baizik ez dituela, hamar aldiz gutxiago.
UGTren eta CCOOren egoitza berriak
Zehazten diren beste sailak «enpresen etekinak puztera bideraturikoak dira», ELAk dioenez. «Begi bistakoa da enpresei zuzendutako laguntza horiek ez dutela enplegurik sortzen; aitzitik, pribilegio gehiago ematen dizkiete eta diru bilketa publikoa urritzen dute. Onartezina da enplegua sortzeko huts egindako bideei eustea, esaterako, kontratatzeko pizgarriak eta ustezko nazioartekotzea sustatzekoak».
Proiektu zehatz bat aipatu du ELAk egoera berriaren erakusgarri: Iruñeko Udaleko Navarra Sumak eta PSNk akordio bat lortu dutela Azpilagaña auzoan merkataritza gune handi bat egiteko eta hara eramateko CCOOren eta UGTren egoitzak. Proiektu horrek denda txikiei eragingo dien kalteari buruz kezkatuta azaldu da ELA, eta gogorarazi du 30 merkataritza elkarte aurka azaldu direla.