Greba orokorrerako arrazoiak azaltzeko eskualdekako biltzarrak egin ditu azken bi egunetan ELAk. Iruñean egindako biltzarrean, 650 ordezkari inguru bildu ziren Gurutze plazako institutuan atzo, eta eguerdian manifestazioa egin zuten Tinko geurean lelopean. «Berdin du PSOE gobernuan egotea edo PP egotea. Hau etengabeko erreforma luze bat da, eta horren aurka mobilizazioa baino beste biderik ez dugu ikusten», azpimarratu zuen Iruñean Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak. Haren ustez, orain arteko erreformek eta gastu murrizketek langilea eta sindikalismoa dituzte jomugan. «Gizartearen haserrea kalera eramateko konpromisoa du ELAk, jendea suminduta baitago, eta arrazoi asko ditu haserre egoteko. Guk bozeramaile lana egingo dugu greba arrakastatsua izan dadin».
Muñozen arabera, hiru dira greba orokorra egiteko arrazoi nagusiak. Batetik, «salaketa gogorra» egin behar da erreformen eta murrizketen aurka. Bigarrenik, alternatiba bat plazaratu behar dela azpimarratu du. Hirugarrenik, enpresan langileak babesteko beharra azaldu du: «Enpresetan, mundu gogor honetan, arnasa eman behar diogu gure jendeari, lan sindikala eta soziala egiteko».
Martxoaren 29rako ere CCOOk eta UGTk greba orokorrera deitzeko aukeraren inguruan, ELAk zuhurtzia azaldu du, oraindik ez delako datarik baieztatu. Hala balitz, «ongietorria» egingo lioke. Baina, Muñozek argi utzi nahi izan du «ezadostasun sakonak» dituela ELAk bi sindikatu horiekin: CCOOk eta UGTk duela gutxi akordio bat izenpetu dute CEOErekin, pentsioen erreforma sinatu zuten, negoziazio kolektiboaren zentralizazioa bultzatu dute eta «antzerki hutsa» den elkarrizketa soziala defenditu dute.
ELA: «Gizartearen haserrea kalera eraman behar da»
CCOOk eta UGTk bat eginez gero martxoaren 29ko grebarekin, «ongi etorriak» izango direla esan du Adolfo Muñozek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu