lan baldintzak

ELA kexu da EAJk eta PSEk herri ekinbidea "eduzkiz hustu" dutela

Jeltzaleen eta sozialisten arteko akordioak ez du derrigorrezkoa egiten kontratazio publikoetan lan hitzarmena betearaztera

Iker Aranburu.
2016ko otsailaren 1a
19:37
Entzun

EAJko Norberto Aldaiturriaga legebiltzarkideak azaldu duenez, ELAren eskaera ezin da bete, Eusko Legebiltzarrak ez duelako eskumen osorik kontratazioan.

Horren ordez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kontratazio publikoetan gutxieneko irizpide batzuk betearazteko akordioa lortu dute. Horrenbestez, Jaurlaritzaren, diputazioen eta udalen kontratuak nahi dituztenek zehaztu beharko dute zein hitzarmen kolektibo aplikatu nahi duten. Hitzarmen horri eutsi beharko diote kontratazioak irauten duen aldi osoan. Gainera, enpresek zehaztu beharko dute zer egin nahi duten langile subrogatuekin.

Arauak zigortzeko erregimen bat izango du. Isunak jarriko zaizkie enpresei,  kontratua etengo zaie edo enpresariei kontratu publikoak lortzea debekatuko zaie.

ELAren erantzuna

Arau horiekin erantzun nahi dio Eusko Legebiltzarrak ELAk aurkeztutako herri ekinbide legegileari (HEL). Ekinbide hori 110.000 sinadurekin babestu zuen sindikatuak. Haren eskaera nagusia zen instituzioek kontratu publikoetan sektoreko lan hitzarmenak derrigorrez betearaztea.

EAJren eta PSEren arteko itunarekin haserre azaldu da ELA. "Aipatutako bi alderdiek adostu duten agiriak boikota egiten die LHE honetako eduki nagusiei: subrogazioa eta erreferentziazko diren Lan-Hitzarmenen aplikazioa. Ez dago aurrerapausorik, ezer positiborik, ez enpleguaren egonkortasunean, ezta baldintzei dagokienez ere".

"Agerian geratu da Eusko Jaurlaritzak esaten duenean jendearen lan-baldintzekin kezkatuta dagoela eslogan bat ari dela erabiltzen, erretorika hutsa alegia. Horretarako aukera eta eskumena izanagatik ere, baztertu egin dute ELAk aurkeztutako LHEa baliatzea patronalaren gehiegikeriei eta diru-goseari mugak jartzeko. PSE makurtu egin da hasieratik EAJk zuen posiziora. Duela hilabete batzuk aurkeztu zituen zuzenketek ez dute zerikusirik oraingo akordioan adostu denarekin. Emaitza albiste pozgarria izango da azpikontratetako langileak esklabo gisa mantendu nahi dituzten enpresa piratentzat". 

EH Bilduk ere kritikatu du EAJren eta PSEren arteko akordioa. "Lan baldintza prekarioak eta kaskarrak aplikatzen jarraitzea ahalbidetuko du: bost euroko soldatak, 12 orduko lanaldiak, asteburuak barne...", Belen Arrondo legebiltzarkidearen esanetan. "Lan baldintzak duintzeari ez ezik, 110.000 herritarri ere bizkarra eman diete".

Jeltzaleen eta sozialisten akordioa Ogasun Batzordera igaroko da orain, eta ondoren Legebiltzarreko osoko batzarrean eztabaidatuko dute.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.