ELA: «LABek balioa aitortu nahi dio Bilduren eta kutxen akordioari»

Espainiako negoziazio eremua erabilita langileen laurdenek ordezkarien ia erdiak hautatzen dituztela dio

Erredakzioa
Bilbo
2012ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Kutxabanki buruzko jarrera bateratua izateko ahalegina egin du ELAk, «baina ez da posible izan, LABek, ebidentzia guztiak gorabehera, Kutxen eta Bilduren arteko akordioari balioa aitortu nahi diolako». Hala adierazi du Mikel Noval sindikatuko politika sozialerako arduradunak. Haren esanetan, bi sindikatuek ikuspegi ezberdina dute negoziazio esparruari buruz. «LABek oraindik dio langileek hala eskatuz gero hitzarmenaren negoziazio esparrua errespetatuko duela Kutxabankek. Testuak eta geroztik gertatu denak beste errealitate bat erakusten dute».

Urtarrilaren 19an eratu zuten Kutxabankeko lehen lan hitzarmena negoziatzeko mahaia. «Negoziatzaile kopurua Espainia osoko ordezkaritza sindikalaren arabera banatzea erabaki zuten», azaldu du Novalek. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 4.467 langilek 112 ordezkari hautatuko dituzte, eta Espainiako 1.319 langilek, berriz, 80 ordezkari. «Espainiako esparrua erabilita, langileen laurdenek ia ordezkari erdiak erabakitzen dituzte», dio Novalek. Mahaia eratzeko bileran, ELAk berriro eskatu zuen negoziatzeko euskal esparrua.

Gaineratu du sindikatuak hasieratik esan zuela bankua sortzeko erabakia txarra zela, eta orain arte gertatutakoak arrazoi ematen diola. Administrazio kontseiluaren izendapena, azken lege aldaketak eta Espainiako Gobernuak martxoa baino lehen egin asmo duen finantza sektorearen berregituraketa aipatu ditu.­
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.