ELA: «Jaurlaritzak ez du aurrekontuaren %1 ere bideratuko krisiaren ondorioei aurre egitera»

Lakua «etengabeko publizitate kanpainan» dagoela salatu du sindikatuak, eta iragartzen ari diren plan gehienak duela hainbat hilabetekoak direla: «Jaurlaritza, bere diskurtso triunfalistarekin, errealitatea ezkutatu nahian dabil».

Amaia Muñoa, Mitxel Lakuntza eta Mikel Noval, gaurko prentsaurrekoan, ELAren Bilboko egoitzan. ELA
Paulo Ostolaza.
2020ko ekainaren 24a
12:28
Entzun

Eusko Jaurlaritzak koronabirusak eragindako krisiari erantzuteko iragarri dituen planak kritikatu ditu gaur ELA sindikatuak, eta «oso kezkatuta» agertu da Lakuak «ez diolako egoerari erantzuten». Sindikatuaren iritziz, «Jaurlaritzak ez du bere politiken zentzua aldatu nahi, eta etengabeko publizitate eta propaganda kanpaina batean murgilduta dago, bere diskurtso triunfalistarekin errealitatea ezkutatzeko».

Mikel Noval ELAren arlo sozialeko arduradunak azaldu duenez, nagusiki bi kontugatik egin diote kritika Lakuari. Batetik, ELAren arabera, Jaurlaritzak ez duelako «aurrekontuaren %1 ere bideratuko COVID-19aren ondorioei aurre egiteko planetara», iragartzen ari diren plan gehienak «hilabete batzuk lehenago onartutakoak» direlako: «Gainera, horietako asko oraindik ez dira aldizkari ofizialean argitaratu ere egin».

Adibide bat jarri du sindikatuak: «Jaurlaritzak, joan den astean, enplegua suspertzeko 140 milioi euroko plan bat iragarri zuen, baina horietatik hamar soilik dira berriak. Gainontzekoak lehenago onartutako aurrekontuei dagozkien planak dira, urtero errepikatzen direnak, eta, gure ustez, bide okerretik doazenak».

Bestalde, Jaurlaritzak aurreikusi duen osasun gastuaren igoera «Espainiako Gobernutik jasoko duen kopurua baino askoz txikiagoa» dela salatu du sindikatuak. Lakuak esan du Osasunerako aurrekontua 200 milioi euro handituko dela, eta, egin dituzten kalkuluen arabera, Madrilen Susperraldi Ekonomikorako Funtsetik 600 milioi inguru jasoko dituzte; printzipioz, zatirik handiena osasungintzarako da.

Proposamenak

Egoerari aurre egiteko lehendik aurkeztua zuen proposamenari eutsiko diola esan du ELAk. Besteak beste, langabe guztientzat eskatu dituzte lanbide arteko gutxieneko soldata (LGS) adinako diru sarrerak; diru sarrerak bermatzeko errenta LGS osoa adinakoa izatea; eta legez aitortzea dependentzia egoera guztiak sistema publiko, unibertsal eta doako baten bidez estaliko direla.

Sindikatuak, gainera, kritikatu du Jaurlaritzak aurten ez duela egingo zerga erreformarik: «Haren asmoa da zorra Madrilek uzten dion neurrian gehitzea». Hori, batetik, «subiranotasunari uko egitea» dela iritzi dio ELAk, eta, bestetik, «aurrekontu sozialen erronka bete ezin denean besteari errua egozteko aitzakia bat».

Horregatik exijitu du «bidezko zerga erreforma bat, biltzen den dirua taxuz gehitu eta tratu bereizkeria amaitu dadin errenta taldeen artean: lanekoak, enpresa eta kapital errenten kontra». ELAren proposamenarekin, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 3.750 milioitik gora bilduko lirateke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.