Sindikatuak

ELA: «Lehendakariak gaizki eginikoa ez du onartzen, nekez konponduko du horrela»

Iñigo Urkulluk sindikatuari eginiko kritikak «hauteskunde aurreko giroan» kokatu behar direla uste du Mitxel Lakuntzak. Zail ikusten du LABengana gerturatzea.

Amaia Muñoz ELAko idazkari nagusiaren albokoa eta Mitxel Lakuntza idazkari nagusia, atzoko agerraldian. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2023ko irailaren 7a
18:20
Entzun

ELA sindikatuaren ustez, «hauteskunde aurreko giroa» da azken egunetan Jaurlaritzak eta EAJko agintariek egin dizkieten kritiken arrazoia. Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak «arreta desbideratzeko» nahia egotzi die Iñigo Urkullu lehendakariari eta Andoni Ortuzar EBBko presidenteari. Are gehiago, autokritika falta leporatu die, eta hori arriskutsua dela gizartearentzat: «Gizartearen haserrea gobernuaren erabakien ondorio dira. Lehendakariak ez du hori ikusi nahi, ez du onartzen gaizki egiten duena, eta horrela nekez konponduko du». Halaber, zehaztu du, sindikatuaren jarduna aztertu duen edonork badakiela kritikoak izan direla EH Bildurekin.

ELA sindikatuak urte berrirako asmoen berri eman du, eta agerraldiak karga politiko handia izan du, bai behintzat Lakuntzaren analisian. Lehendakariak «higatze estrategia» baten barnean egotea egotzi zion ELAri, eta Ortuzarrek, EH Bilduren eta LABen eskutik jardutea. Idazkari nagusiak biei erantzun die. Aurrenekoari esan dio onar dezala gizartearen haserrea bere erabakiaren ondorio dela, eta sindikatuak «presionatzen» jarraituko duela politikak alda ditzan. Bigarrenari, aldiz, erantzun dio ELAren autonomia politikoa ezin dela auzitan jarri, eta horren eredu dela EH Bilduri askotan leporatu diotela ez duela oposiziorik egiten.

Kritika ez da hor bukatu, eta Lakuntzak nabarmendu du, haren ustez, lehendakariak «beti» egiten duela bat patronalarekin, eta ELAri bizkarra ematen diola baina ez duela arazorik jendea pobretzen duten enpresekin biltzeko: «Bankuak, petrolio konpainiak, argindar enpresak... Sanchez Galan Iberdrolako presidentea erraz aurkitu daiteke EAJren ekitaldietan». Gai berean, eta, Urkulluk aurkeztu konbentzio konstituzionalaren inguruan galdetuta, esan du ez duela harengan sinesten, EAJk azken urteetan izan duen jarrerarekin bat ez datorrelako: «Plantak egiten ari da. 25 urte dira autogobernua higatzen ari direla, eta ez du ezer egin».

LABekiko harremana ere hartu du hizpide. Iragan asteartean, Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak onartu zuen sindikatuen arteko harremanak hobetzea nahiko lukeela. Lakuntzak, aldiz, zail ikusten du gerturatze mugimendurik egotea luze gabe: «Azken urtean LABek hartu dituen erabaki estrategiko batzuk gurearen aurkako norabidean doaz. CCOO eta UGTrekin lan itunak sinatu ditu, eta ezertarako balio ez duten elkarrizketa sozial mahai batzuetara itzuli da».

Zaintza, zahar etxeak...
Negoziazio sindikalari dagokionez, erosahalmenaren defentsan eta genero arrakalaren aurka borrokan jarraituko dutela aurreratu du Amaia Muñoa idazkari nagusiaren albokoak. Azaldu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langileen %52k lan hitzarmena berritua zutela, eta soldatak batez beste %4,93 igo direla aurten «Datu horiek Espainiako batezbestekoak baino hobeak dira, eta, hala bada, grebei esker izan da». Igoera horiek, baina, ez dira eremu guztietan egon, eta gogoratu du funtzionarioen soldatak %2,5 igo direla. «Patronala erakunde publikoak direnean, soldata igoerak txikiagoak dira».

Langile askok hitzarmena berritua dute, baina oraindik %46 inguru dira indarrean ez dutenak edo lan itunik ez dutenak. «Gehienak emakumeak dira, gainera. Gizonezkoak gehiengoa diren sektoreetan errazago lortzen dira akordioak», azaldu du. Alde horretatik, berritzeke dauden hainbat lan itun izendatu ditu: zahar etxeena Araban eta Nafarroan; ostalaritzarena, elikagai salmentarena eta esku hartze sozialarena Bizkaian; eta garbikuntzarena Gipuzkoan.

Azaroaren 30eko greba «mugarri» bilaka dadila
Lan urte berriko ekinbiderik garrantzitsuenetakoa da, hain zuzen, Euskal Herriko mugimendu feministak azaroaren 30erako egina duen greba orokorrerako deialdia. Zaintza sistema publiko eta komunitarioaren aldeko lanuztera deitu du, eta ELAk bat egin du deialdiarekin. Muñozek azaldu du egun hori borroka feministaren «mugarria» bilakatu nahi dutela, eta lanean hasiak direla hura antolatzeko: «Beste fase bat ireki da irailean, eta kaleko presentzia handitukoa da, besteak beste. Greba orokor feminista erronka itzela da, eta gure jendearekin landu behar dugu deialdia lantoki guztietara irits dadin». Era berean, azaldu du deialdiak bat egiten duela sindikatua zaintzaren eremuko langileekin eta sektore feminizatuetan egiten ari den lanarekin. LAB, ESK eta Steilas sindikatuek ere bat egin dute deialdiarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.