Eusko Jaurlaritzak ez duela industria planik, eta azken asteetan enpresen itxieren edo egoera larrien inguruan argitaratzen ari diren albisteak horren ondorio direla. Kausa eta ondorioa zein den argi ikusi du ELAk. “Eusko Jaurlaritzaren utzikeriak kolokan jartzen du enpresa hauen etorkizuna”, esan du Unai Martinez ELAko Industria eta Eraikuntza federazioko idazkari nagusiak. Enpresetan duten parte hartzea saldu izanagatik, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa zerga aldetik “low cost lurralde” bihurtzearen eraginez, enpresa askok lurraldean duten lantokiak ixtea erabaki dutela azaldu du sindikatuak. Gogora ekarri dituzte “irabaziak izan arren irabazi gehiagoren bila” joan diren Ingemar eta General Electric; negozioak bideragarriak izan arren epe laburreko zorrei aurre egiteko arazoak dituzten CEL eta Xey; “gezurrez beteriko” Fagor-CNAren industria plana; eta pribatizazioaren ostean “zalantzan dagoen” La Navalen etorkizuna.
Ostiralean esan zuen Tapiak “inbertsoreek ihes egitearen ondorioz” itxiko direla enpresa horiek, baina “zinismoz beteriko hitzak” direla esan du Martinezek. “Jaurlaritza izan da CELetik ihes egin duen inbertsorea, eta Xeyn ere akzioduna da gaur egun”. Horrez gain, azken urteetan euskal enpresen akzioak atzerriko konpainien eskura pasatu direla gogoratu du sindikatuak —Gamesa, Euskaltel, ITP, Cementos Lemona eta Naturgas—, eta “operazio horiek guztiak txalotu ditu sailburuak”, Pello Igeregi industria politikako eta negoziazio kolektiboko sindikatuko arduradunaren hitzetan. “Operazio horien ostean enpresak deslokalizatzen hasi direnean asaldatu itxurak egiten ditu”.
Egoerari buruz hitz egin, eta industria politikari buruz hitz egiteko sailburuarekin hitz egiten saiatu direnean bilerei uko egin diela azaldu du Martinezek. “Patronalarekin biltzeko arazorik ez du erakusten, ordea”. ELAk eskatzen duen bilera horretan Tapiarekin sindikatuak duen industria politikaren berri emango lioke. Lau puntu biltzen ditu proposamen horrek: sektore estrategikoetan inbertsio publikoa haztea, “enpresen sorrera ezin delako multinazionalen esku utzi”; sektore estrategiko horiek gizartearen beharrak asetzera zuzenduta egon behar dute “aberastasunaren sorrera ingurumenarekin orekan” egotearekin batera; lan baldintza duinak bermatzea; eta finantza erakunde indartsu baten beharra, “Kutxabanken pribatizazioa oso larria izan delako, euskal enpresa garrantzitsuetako akzioak saldu zituelako”.