ELA sindikatuak 2011ko krisi ekonomikoak eragin zion afiliatu galera eten du, eta hasia da duela hamarkada bateko kopuruetara gerturatzen. Azken lau urteetan 2.000 afiliatu berrik eman dute izena, eta 100.925ekin iritsiko da azaroko kongresura. Krisi ekonomikoak eragindako enplegu galeraren ondorioz, 98.960 afiliaturekin egin zuen 2017ko bilera orokorra, baina dagoeneko eten du joera hori, eta 100.000 afiliatuen langa igaro du berriz. Dena den, oraindik urrun du 2008ko kopurua, 109.318 afiliatu zituen orduan, eta 2012kotik behera dago: 105.312 afiliatu.
ELAk kongresu bakoitzaren aurretik egiten duen gardentasun ekitaldian eman du datuen berri. Ohitura denez, afiliatu zerrendak hainbat kazetariren esku uzten ditu, besteak beste, kuota ordaintzen dutela egiazta dezaten. Afiliazioaren estatistikak beste datu esanguratsu batzuk utzi ditu, esaterako, egun ELAko afiliatuen %46 emakumeak direla, duela lau urte baino hiru puntu gehiago, eta 39 urtetik beherakoen artean %50era igotzen da batezbesteko hori.
Diru kontuen berri ere eman du ELAk, eta, haien datuen arabera, finantzaketaren %93 «iturri propioetatik» jasotzen dute. Batezbesteko hori duela lau urteko bera da. Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak nabarmendu du afiliatuen konpromiso pertsonalari esker lorturikoa kopuru bat dela, eta horrek ematen diola indarra ELAri, «autonomia» bermatzen diolako.
Sindikatuaren borroka erreminta ezagunetako bat erresistentzia kutxa da, greban dauden langileek borrokan eusteko jasotzen duten kalte ordaina. ELAk azaldu duenez, grebalariek, 1.163 euroko kalte ordaina jasotzen dute hilean, eta afiliatu kuota guztien %25 erabiltzen du funts hori elikatzeko (Afiliatu bakoitzak 22,62 euroko kuota ordaintzen du hilero). Kalte ordainaren zenbateko %25 handitu da azken lau urteetan. Egun, besteak beste, Novaltiako edo Guggenheimeko garbitzaile grebalarien sostengu nagusia da kalte ordain hori. Lakuntzaren ustez, funtsa «elkartasun laguntza paregabea» da, eta gogoratu du lan gatazkaka ez direla arrazoiarekin bakarrik irabazten.