Berriz ere ihes egin die trenak. ELAren arabera, Nafarroako Gobernuak —PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa— eta haren bazkide nagusiak —EH Bilduk— zerga erreforma «bidezkoago» bat indarrean jartzeko aukera galdu dute. Sindikatuaren ustez, alderdi politiko horiek aurreko astean sinatutako akordioak herritarren bizkar uzten du zerga bilketaren pisurik handiena, «zerga bilketa osoaren hiru laurdenak». Kontrara, enpresarik handienak atera dira garaile, «berriz ere».
Sindikatuaren arabera, Maria Txibiteren gobernua ez da gai izan UPNren agintaldiak ezarritako norabidea aldatzeko; are gehiago, azken urteotan «bidegabekeria fiskala areagotu» egin dela nabarmendu du.
ELAk txosten batean ondorioztatu du Nafarroako presio fiskala Europako Batasuneko batezbestekoa baino 6,1 puntu txikiagoa dela: tarte hori murriztuko balitz, gobernuak 1.657 milioi euro gehiago biltzeko gaitasuna izango lukeela nabarmendu du. Sindikatuak dio alde hori, neurri handi batean, sozietateen gaineko zergak azaltzen duela: «Europako presio fiskalik txikiena dugu, eta bildutakoa EBko batezbestekoaren erdia baino gutxiago da».
Akordioaren puntuetako batek, hain zuzen ere, sozietate zergarekin dauka lotura. ELAk nabarmendu duenez, %28ko tasa %25era jaisteko aukera ematen die enpresei baldintza batzuk betetzen badituzte, hala nola enpleguari eusten badiote, edo lan istripuekin eta berdintasun planekin loturiko neurriak hartzen badituzte. Haren iritziz, baldintza horiek «erraz betetzeko modukoak» dira eta, ondorioz, «enpresa handi gehienek gutxiago ordainduko dute».
Gainera, gogorarazi du gutxieneko tasa efektibo bat ezarri dela: orokor bat %13koa, eta %11-10ekoa enpresa txikientzat. Horiek guztiak kontuan hartuta, azpimarratu du Nafarroako ogasunak sozietate gaineko zergarekin 2007an baino %18,6 gutxiago biltzen duela gaur egun.
Salatu du, halaber, ondarearen gaineko zergak biztanleriaren %1ari bakarrik eragiten diola, eta zerga iruzurra ere «handia» dela oraindik, eta horri aurre egiteko neurri eraginkorrik ez dutela adostu. ELAk salatu duenez, akordioak, oro har, ez du aurreikusten diru bilketa handitzeko mekanismorik.
Gobernuaren «porrota»
Bestalde, sindikatuak positibotzat jo du errenta baxuenen gaineko presio fiskala arintzea adostu izana, baina uste du neurri horrekin batera errenta altuen eta kapitalaren gaineko zergak ere igo beharko liratekeela.
Horren harira, alarguntasun eta erretiro pentsioei txikienak kenkari bidez 15.400 eurora arte osatzeko neurriak «oso irismen mugatua» izan dezaketela ondorioztatu du. «Hala erakusten du neurri horretarako aurreikusitako aurrekontuak».
Gainera, sindikatuarentzat, neurri hori «kontraesanean» eror daiteke aitorpena egiteko obligazioaren gutxienekoa 17.000 eurora igotzeko erabakiarekin. «Horrek kanpoan utz ditzake alarguntza eta erretiro pentsioetarako osagarria jasotzeko eskubidea duten pentsiodunak».
Horiek guztiak kontuan hartuta, ELA oso kritiko agertu da Txibiteren gobernuaren zerga politikarekin. «UPN gobernutik atera zenetik, ez da lehengoratu Sanzen eta Barcinaren garaiko fiskalitate eskasa eta bidegabea».
Ohartarazi du 2015etik 2024ra bitartean pobrezia arriskuaren tasa %13,9tik %18,3ra igo dela Nafarroan, lurraldeko ekonomia eta enplegua nabarmen hazi denean —BPGa %41,5 eta enplegua %20—. «Aldi honetan gobernuko kide izandako eta kanpotik babestu duten alderdi guztien porrota erakusten du horrek».