ELAk estu hartu du ezkerra, eta LABek eskatu du ez bozkatzeko eskuinaren alde

Sindikatu abertzaleek mezu politikoak lehenetsi dituzte, eta ez dute sakondu euren arteko gatazka. Greba feminista orokorra goratu dute

ELAren martxako amaiera ekitaldia. Zahar etxeetako langileek presentzia handia izan zuten Plaza Biribilean. M. R. / FOKU.
Maite Asensio Lozano - Imanol Magro Eizmendi
Bilbo
2023ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
ELAk eta LABek beren arteko gatazkan ez sakontzea erabaki dute Maiatzaren Leheneko Hego Euskal Herriko mobilizazio nagusietan. Elkarri eztenkada txikiren bat edo beste bidali arren. Foru eta udal hauteskundeen atarian, mezu politikoak gailendu dira Bilbon emaniko hitzaldietan. ELAk kritika zorrotza egin dio «Euskal Herriko ezkerrari», zeinari leporatu dion konfrontazioari bizkarra ematen ari zaiola. LABek, berriz, eskuinak langileen boz bakar bat ere ez dezala jaso eskatu du. Bi sindikatuek Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitutako greba orokorraren garrantzia aipatu dute, eta hura babestuko dutela nabarmendu. Haren aldarriak presentzia handia izan du bien manifestazioetan.

Azken urteetan ohiko den bezala, sindikatu abertzaleek ez zuten manifestazio bateraturik egin. Bilboko kaleetan gertu ibili ziren, eta bi martxek zeharkatu zuten Plaza Biribila, baina ez zuten topo egin. Haien arteko harremanak gaiztotuta daude, baina ez zuten Maiatzaren Lehena erabili elkarrengandik urruntzen dituzten lubakiak are gehiago sakontzeko. Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak esan zuen patronalak nahiago duela «LAB-CCOO-UGT aliantza». Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak, berriz, ez zuen ELA aipatu ere egin, eta esan zuen patronalari pultsua irabazteko sindikatuen arteko elkarlana bultzatu behar dela. Hortxe bukatu ziren batetik besterako zirikadak.

Bi sindikatuek jende dezente bildu zuten kalean, eta, zubia izan arren, argazki indartsuak lortu zituzten. Lakuntzak ELAren borroka moldearen eraginkortasuna nabarmendu zuen, eta greba egiteko ahalari esker akordio hobeak lortzeko duen gaitasuna. Manifestazioa hasi aurretik, omenaldia egin zieten greban egon diren eta greban dauden langileei. Besteak beste, Novaltiako, Vulcanizados Zuloagako eta zahar etxeetako langileak igo ziren Jesusen Bihotzeko tranpaldora.

Hitzaldian, Lakuntzak oso estu hartu zuen «herri honetako ezkerra». Aitortu zuen kezkatuta dagoela, bere ustez ezkerra Euskal Herrian «gero eta eskuinaren antz handiagoa» hartzen ari delako. Kritikatu zuen, era berean, ezkerraren helburua «moderazio instituzionala» dela, «adostasuna nabarmentzea», eta eskaera bat egin zion: «Babesa eman beharko lioke borrokarako prest dagoen sindikalismoari. Baina aukera hori gaur baztertu egin dute».

Aldarri ugari

LABek mobilizazio koloretsua egin zuen. Zabalburu plazatik udaletxerako bidean hiru etenaldi egin zituen. Bizkaiko Batzar Nagusien aurrean zaintza sistema publikoaren aldeko ekintza bat egin zuen. Hainbat manifestarik komuneko papera bota zuten hesiaren gainetik. Caixabanken egoitza nagusiko paretetan, berriz, afixa eta itsasgarri ugari jarri zituzten etxebizitza eskubidea aldarrikatuz. Azkenik, Justizia Jauregian, «Eskubide guztiak langile guztiontzat!» zioen pankarta bat ireki zuen langile arrazializatuen talde batek.

Hitzaldian, Arroyok aldarrikatu zuen borrokatuz baino ez dela lortzen lan baldintzak hobetzea, eta hobekuntzak ez direla etorriko «Madrilgo edo Parisko elkarrizketa mahaietatik». Era berean, nabarmendu zuen esparru guztiak direla borroka gune sindikalismoarentzat, «baita erakundeak eta hauteskunde kutxak ere». Alde horretatik, mezu argia bidali zuen: «Langileen boto bakar bat ere ez euskal neoliberalentzat!».

Greba feminista

Aldarri feministak leku handia izan zuen bi mobilizazioetan, eta hala Lakuntzak nola Arroyok goratu zuten greba orokor feministaren deialdia. ELAren manifestazioan «Denon bizitzak erdigunean. Greba feminista orokorraren bidean» zioen pankarta bat irakur zitekeen, eta zahar etxeetako langileek presentzia handia izan zuten amaiera ekitaldian. LABenean, berriz, «Zaintza lanak publikoak dira. Greba feminista orokorrerantz!» zioena zabaldu zuten.

Bi bozeramaileek salatu zuten sektore feminizatuetako negoziazioak luzeak eta gogorrak izaten direla, eta Arroyok patronalarileporatu zion «nahita blokeatzen» dituela. Lakuntzak, berriz, kritikatu zuen zaintza ezin dela «negozio» izan, eta hala bada emakumeen eskubideen lepotik lortzen dela. Bi martxen amaieran, Internazionala eta Eusko gudariak doinu klasikoekin batera, Zutik emakumeak ereserki feminista ere abestu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.