Ostalaritza eta kolektibitateen atalean lan egiten duten milaka euskal langilek beren lan baldintzak bermatzen dituen euskal esparru akordioa gal dezakete luze gabe. Soldataren erdia ekar diezaieke haietako askori, kolektibitatearen sektorean 6.500 langile daudelako Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta sektoreko Espainiako itunak egun jasotzen ari diren soldaten oinarriaren erdia finkatzen duelako. ELAk eta LABek salatu dute CCOOk eta UGTk lanaldi osoko liberatuak jaso dituztela halako itun bat sinatzearen truke, eta euskal langileen baldintzak bigarren mailan utzi dituztela. Estatalizazioaren estrategian aurrera pauso nabarmena dela, eta gutxiengo sindikalak Euskal Herrian erreforma baliatzen duela negoziazio kolektiboa Espainiara eramateko. Hori guztia, Eusko Jaurlaritzak zilegitasuna eman eta gero Elkarrizketa Sozialaren Mahaian; "hipokresia hutsa da", Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiaren arabera.
Haserre azaldu dira ELA eta LAB. LABen idazkari nagusi Garbiñe Aranburu Elkarrizketa Sozialerako Mahaia desegiteko exijitu dio Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari. "Ezin du minutu bat gehiago egon. Gutxiengo sindikalari zllegitasuna ematen dio EAJk, euskal langileen baldintzak okertzeko". Adolfo Muñozek auzitan jarri du, halaber, sektore arteko ituna, Lakuak berak historikotzat jo duen akordioa. Ostalaritzaren esparru akordioa baliogabetzen badute, sektore artekoak ez duela balio erakutsiko luke horrek".
Sindikatu aberlatzeak haserre bizia erakutsi dute ostalaritzaren auziaren atzetik dagoena "oso larria" delako. "Estatalizazioaren bidetik pobrezia handiagoa dator euskal langileentzat; Urkullu prest dago horri bide emateko?", galdetu du ELAko buruak. "Zer da gehiengo sindikala Urkullurentzat?". Ohartarazi dio EAJri "ez dagoela autogobernurik negoziazio kolektiborik gabe". CCOO, UGT eta Espainiako patronala Madrilera eramaten ari dira, "historikoki euskal harremanen esparrua eraikitzeko oinarrizkoa izan den atala: negoaziazio kolektiboa", erantsi du Garbiñe Aranburuk. Politika arloan gertatzen ari den birzentralizazioaren parekoa gertatzen ari da lan harremanetan, sindikatu abertzaleek azaldu dutenez. "Aldebikotasunarena bezala da hau: ez dago; bada, euskal esparrurik gabe, ez dago euskal langileen bizi kalitateari eusterik".
Elkarrizketa Sozialerako Mahaia
Euskal Herrian betidanik lan baldintza hobeak egon direla azaldu dute ELAk eta LABek, eta hori ez dela izan patronal eskuzabalagoa egon delako, "beste erralitate sindikal bat egon delako baizik". Estatalizazioaren bidez hori dena albo batera utzi nahi dutela dio Aranburuk, eta Jaurlaritza laguntzen ari dela horretan Elkarrizketa Sozialarelako Mahaian "gutxiengo sindikal bati zilegitasuna emanez". "Ez da egia CCOO eta UGT negozioazio kolektiboaren salbatzaileak direla; liberatuen truke euskal langileen baldintzak okertzea onartu dute".
Ostalaritza eta kolektibitateen sektorean hainbat enpresa daude Espainiako kolektibitateen ituna aplikatzen ari direnak jadanik, Eures eta Sodexo, adibidez. 6.500 langile daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eskoletako, ospitaletako, enpresetako eta abarreko sukalde eta jangeletan beharrean, "gehienak emakumeak". Sektore horretan ia %80ko ordezkaritza daukate ELAk eta LABek, baina inpugnazioa aurrera aterako balitz, CCOOk eta UGTk erabakiko lukete haien lan baldintzen inguruan, ordezkaritzaren %17 baino ez badute ere. "CCOO eta UGT jarrera antidemokratiko eta antisindikala izaten ari dira, onura jakin batzuen truke".
Ostalaritzaren sektore osoan 45.000 langile daude Jaurlaritzaren eskumeneko lurraldeetan, eta ELA eta LAben gehiengo %78koa da, halaber. Haien guztien baldintzak arrisku bizian jartzen ari dira egoitza nagusia Madrilen duten sindikatu biak euskal esparru akordioa inpujnatuta, ELA eta LAben arabera. Epaile batek urriaren 24an hartuko du azken erabakia, baina inpujnazioa gauzatzen bada ere, sindikatuek gogorarazi dute enpresek ez dituztela zertan aplikatu Espainiako itunak. Egun horretan manifestaziora deitu dute sindikatu abertzaleek, goizeko 10:30ean.