ELAk eta LABek sendotu egin dute Hego Euskal Herriko gehiengoa

2011ko hauteskunde sindikaletan, LABek bereganatu du ordezkari gehien; lau herrialdeetan gehitu du ordezkaritza

Miren Garate.
2012ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Interpretazio ezberdinak egiteko aukera ematen dute hauteskundeek. Konparaketa aurreko urteko emaitzekin egitea da aukeretako bat. Iazko hauteskunde sindikalen kasuan, ordezkari kopuruari erreparatuz gero, LAB izan zen garaile nagusia, ordezkari gehien hark bildu zituelako. Kontaketa horren arabera, CCOOk ere emaitza onak izan zituen, gora egin baitzuen 2010eko datuen aldean. ELAk eta UGTk ordezkariak galdu zituzten.

Bakoitzak guztira duen ordezkari kopuruari begiratzea da beste aukera bat. Kasu horretan, Adolfo Muñozek zuzentzen duen sindikatuak jarraitzen du buruan. CCOOk eta UGTk segitzen diote hurrenez hurren, eta LAB laugarren indarra da, nahiz eta hirugarrenarekiko, UGTrekiko aldea gutxitu duen. ELAk eta LABek, bien artean, sendotu egin dute Hego Euskal Herrian zuten gehiengoa. 2011 bukaeran, %51,4ko indarra zuten, 2010ean baino %0,35 handiagoa. CCOOren eta UGTren artean delegatuen ia %38 dute. Gainerako %10 pasatxoko ordezkaritza beste sindikatu guztien artean banatzen da.

LABek eman ditu emaitzak. Behin-behineko datuak dira. Gaur bilduko dira sindikatuak eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak emaitzak aztertzeko, baina delegatu gutxi batzuetako aldea bakarrik espero da. Sindikatua pozik agertu da azken urtebetean izandako gorakadarekin, Hego Euskal Herrian inoiz izan duen ordezkaritzarik handiena erdietsi duelako. «Argi dago langileengan konfiantza mantentzen duen sindikatua garela». LABen esanetan, gero eta gehiago dira «konfrontazioko sindikalgintza abertzalearen alde egiten duten langileak». Aurrerantzean jarraituko duen lan ildoa zein izango den ere iragarri du. «Herri honetan gure eskubideak defendatuko dituen marko juridikoaren aldeko sindikalismoa indartzen jarraitu behar da, eta bide horretan dagoen sindikatu bakarra gaur egun LAB da».

Iaz egindako bozen artean, sindikatuak bereziki emaitza onak lortu zituen EAEko hezkuntzan. Urte askoan CCOO izan zen nagusi sektore horretan, baina langileek ez zuten begi onez ikusi hark Hezkuntza Sailarekin adostutako lan hitzarmen berria, eta hori argi ikusi zen emaitzetan. Hamasei ordezkari galdu zituen eta LABek hamabost irabazi. Iaz baino lehenagoko bozak 2007an egin ziren.

Nafarroako administrazio publikoko indar nagusi ere bihurtu zen LAB 2011n. Maiatzean egindako hauteskundeetan 58 ordezkari lortu zituen. Tartean, irakaskuntzan, Administrazio Erroan eta Mendekotasun Agentzian izan zen nagusi. 2007an ere boto gehien hark lortu zituen, baina orduan ez zen gai izan ordezkari kopuruan ere lehen indarra izateko. Joan den urtean, bai.

UGTk, beherakada

Hain zuzen, lau herrialdeetan egin zuen gora LABek. Aipagarria da Gipuzkoako kasua, %1,52ko hazkundea izan duelako. Herrialde horretan bigarren sindikatua da LAB, ELAren atzetik. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan da lehen indarra ELA.

Nafarroan, berriz, UGTk jarraitzen du lehen postuan. Dena den, haren bilakaera guztiz bestelakoa da, lau herrialdeetan galdu baititu ordezkariak. Nafarroan izan du jaitsierarik handiena: ehunenetan %1,18koa, eta ordezkari kopuruan 78koa. Ordezkari gutxien Gipuzkoan du, 415. Herrialde horretan, ordezkaritza sindikalaren %6,5 soilik du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.