PPren gobernuak 2012an onartutako lan erreforman aldaketak egiteko aukera zabaldu du Espainiako Gobernuak, eta lan arautegi hori nola aldatu negoziatzen ari da CCOO eta UGT sindikatuekin. Itunen ultraaktibitate mugagabera itzultzea —orain, urtebetekoa da— eta sektoreko itunek enpresakoen aurrean lehentasuna edukitzeko neurriak jarri dituzte mahai gainean eragileek. Bada, ELA sindikatuak ozen salatu du aldaketa horiek ez dutela galaraziko "euskal langileen baldintzen debaluazioa eragin duena" azken urteotan: hitzarmenen estatalizazioa.
Beraz, ELAk ez du nahi negoziazio kolektiboaren hainbat eduki soilik Euskal Herritik kanpo negoziagarri bihurtzen dituen erreformarik. Hori gertatzen baita estatu mailako hainbat itunek eraginda. Akordio horietako batzuek jasotzen dute beste esparru batzuetan (Euskal Herri mailan) hainbat eduki negoziatzea "debekatuta" egotea.
"Euskal herritarren lan baldintzak Euskal Herrian negoziatzen uzteko" eskatu du Pello Igeregik, ELAko negoziazio kolektiboaren arduradunak, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzaren aurrean egindako elkarretaratzean, Bilbon. "Euskal langileek aukera izan behar dute estatu mailako itunek ezartzen dituzten lan baldintzak hobetzeko".
Jarrera antidemokratikoa
"Eskubide hori jasotzen ez duen edozein erreforma ez lukete onartu behar", erantsi du Igeregik, lan baldintzen debaluazioaren eragile handienak estatu mailako itunak izan baitira, haren arabera. Eta datu batzuk eman ditu tesi horri indarra emateko: 2018. urteko lehen seihilekoan estatu mailako hamasei hitzarmen negoziatu dira, eta horietako hamabitan, Espainiako Estatuarentzat gorde dituzte esklusiban hainbat negoziazio eduki. Horiek ezingo dira Euskal Herrian negoziatu eta hobetu.
ELAk nahiago luke Pedro Sanchezek Moncloara iritsi aurretik agindu zuena betetzea: 2012ko lan erreforma osoa baliogabetzea. Baina halakorik ez dela gertatuko aurreikus daiteke jada, eta Pello Igeregik dio ez lukeeka egon behar aukerarik negoziazio kolektiboa estatu mailako itunen bidez egituratzeko. Finean, demokraziatik gutxi duen jarrera ezkutatzen duelako erreforma horrek. "CCOO eta UGT beretzat gordetzen ari dira hainbat eduki, eta ez dute uzten beste esparru batzuetan negoziatzen; CCOOk eta UGTk gehiengoa ez duten esparrutan negoziazioa ukatzeko posizio ideologiko bat dago", azaldu du Igeregik. "Jarrera antidemokratikoa da hori".