Tubacexek joan den ostegunean igorri zion enplegua bigarren aldiz erregulatzeko eskaera Eusko Jaurlaritzako Lan Sailari. Onartuko balu, Aiara eskualdean dituen hiru lantegietako langile guztiei eragingo lieke, 900 laguni hain zuzen, eta sei hilabete iraungo luke urtarrilaren lehenetik hasita, orduan bukatuko baitzaie lehenengoa. Erregulazio eskaera berria adostutakoa izan da, langileen ordezkarien gehiengoak -CCOO, UGT eta STAT- sinatu duelako enpresaren proposamena. Baina, ELA sindikatuari ez zazio zentzuzkoa iruditzen.
Haren ustetan, bigarren erregulazioak «soldatak jaistea eta langabezia egunak galtzea» ekarriko dio langileari. Enpresaren helburu bakarra, aldiz, «lan taldearen erabateko malgutasuna» lortzea dela uste du, erregulazioan egonagatik eskuragarri egon beharko dutelako beti, lanera joateko deia jaso dezaketelako enpresatik.
Gainera, lehenengo erregulazioa martxan egon den bitartean langileek ordu estrak sartu behar izan dituztela, eta bertako langileei zegozkien lanak kanpoko enpresek egin behar izan dituztela salatu du ELAk. «Enpresak dioen moduan arazoa antolakuntzakoa bada, zergatik izango dira ekonomikoak langileek jasango dituzten galerak?». ELAren irudiko, Tubacexek langileei ordainarazi nahi die enpresaren kudeaketa txarra.
Funvera
Funverako 30 bat langile itxialdian dira joan den ostiraletik gaur arte. Berako Kultur Etxea hartu dute salaketarako gune, ez baitaude ados enpresak 55 langile kaleratzeko aurkeztutako erregulazioarekin. Langileen ustez, kaleratze horiek ez dira beharrezkoak, enpresak 15etik gora milioi euroko funts propioak dituelako.
Inchausti eta Otaegui
Donostiako Inchausti eta Lasarte-Oriako Otaegui altzari enpresetako langileak lanuztean dira atzotik abenduaren 30era arte, enpresako hitzarmen duin baten alde. Soldatak jaisteko, lanaldia luzatzeko eta gainsariak kentzeko asmoa duela azaldu die zuzendaritzak. Langileak, ordea, ez daude konforme, haietako batzuek ia urtebete baitaramate erregulazioan. CCOOren arabera, enpresak erregulazioa bertan behera uzteko adinako emaitzak lortu ditu. Enpresak, aldiz, luzatzearekin «mehatxu» egin die.
Ductilor
Elorrioko Ductilor enpresako 70 bat langilek elkarretaratzea egin zuten atzo, lan itunari euts diezaiola eta 21 lagun kaleratzeko asmoa bazter dezala eskatzeko enpresari. Gaur ere elkarretaratze bat egitekoak dira enpresako atarian, eta abenduaren 24an beste bat egingo dute herriko plazan.
Fagor Ederlan
Nahiz eta Nafarroako Gobernuaren oniritzia izan, Tafallako Fagor Ederlanek ez ditu iragarritako 61 kaleratzeak gauzatuko. Azkenean, akordioa sinatzea lortu dute zuzendaritzak eta kooperatibako bazkide ez diren langileen ordezkariek. 2009ko ekainetik orain arteko soldatak %6,3 eta datozen bi urteetakoak %15 inguru jaistea hitzartu dute. Kooperatibako bazkideek ere %15 gutxiago kobratzen dute urte hasieratik.
Ceplastik
Gasteizko Ceplastikeko enpresa batzordeak lanuztera deitu du urtarrilaren 12, 13 eta 14rako, iragan abuztutik soldatarik kobratu gabe daudela salatzeko. Uztailean amaitu zitzaion bigarren enplegu erregulazioa, eta zorrei aurre egin ezin zienez, hartzekodunen legean sartuta dago ordutik.
Anbulantziak
LABek eta ELAk bertan behera utzi dute hilaren 23rako Araba, Bizkai eta Gipuzkoan anbulantzien sektorean deitutako greba, patronalak negoziazio mahaian esertzea onartu duelako. Hala ere, hilaren 30eko lanuzteari eutsi egingo diotela iragarri dute.
Fundifes-Otsaila XXI
Jesus Maria Vicente LSB-USO Euskadi sindikatuko idazkari nagusi eta Fundifes-Otsaila XXI enpresako langileak baraualdia hasi zuen atzo, Fundifesen eraikin zaharra dagoen lur sailaren kalifikazioa aldatzeko eskatzeko. Hortik aterako luketen dirua 215 langileen artean banatzea da asmoa, lanik gabe daudelako 2006tik.
ELAk ez du sinatu Tubacexen bigarren erregulazioa, ez deritzolako zentzuzkoa
Enpresaren helburu bakarra «lan taldearen erabateko malgutasuna» lortzea dela uste du sindikatuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu