ELAk Gipuzkoa txalotu du, kotizazioei eusteagatik

BGAEetan egindako ekarpenak lan etekinak direla gogorarazi die UGTk erakunde publikoei

Erredakzioa
Donostia
2012ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Foru Aldundiak eutsi egingo die Elkarkidetzari egiten dizkion ekarpenei, eta ELAk «txalotu» egin du erabakia. «Ekarpenik ez egitea langileei beste murrizketa bat aplikatzea litzateke, erosteko ahalmenaren %3 eta %7 artekoa», ELAren esanetan. Elkarkidetza borondatezko gizarte aurreikuspenerako erakundea da (BGAE), eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udaletako eta foru aldundietako langileen pentsio osagarriak kudeatzen ditu, baita beste zenbait erakunde publikorenak ere.

Espainiako Gobernuak onartutako neurrien arabera, aurten administrazioek bertan behera utzi behar dituzte langile publikoen pentsio funtsetara egindako ekarpenak. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Elkarkidetzak egindako txosten juridiko batean oinarrituta, uste du debekuak ez diola eragiten Elkarkidetzari, eta ekarpenak egiten jarraituko du. Eusko Jaurlaritzak, aldiz, Espainiako Gobernuaren aginduei men egitea erabaki du, eta utzi egin dio Itzarri BGAEra ekarpenak egiteari. Hala ere, helegitea aurkeztu du Espainiako Auzitegi Konstituzionalean.

BGAEak, arriskuan

Langileen eskubideak urratzeaz gain, ELAk uste du ekarpenik gabe Elkarkidetzaren eta Itzarriren iraupena arriskuan legokeela. Horregatik guztiagatik, Elkarkidetza osatzen duten erakunde guztiei eskatu die jarrai diezaiotela Gipuzkoako Foru Aldundiak ezarritako bideari.

UGTk ere eskaera bera egin die. Erakundeei gogorarazi die BGAEetara egindako ekarpenak lan etekinak direla eta, bertan behera uzten badituzte, langile publikoen diru sarrerak murriztuko dituztela.

UGTrentzat, Espainiako Gobernuaren erabakiak ez luke eraginik izan behar Elkarkidetzan eta Itzarrin, horiek arautzea Eusko Jaurlaritzari eta Eusko Legebiltzarrari dagokielako. «Utzikeriaz»á jokatzea leporatu dio Eusko Jaurlaritzari.

Adierazgarria da ELAk Gipuzkoako Foru Aldundiaren erabaki bat txalotzea, orain arte oso gogor kritikatu baititu hark hartutako erabakiak, bai aurrekontuak, bai zerga erreforma, eta bai Kutxabanken alde egitea ere. Hori izan da LABekin haserretu eta gehiengo sindikala hausteko arrazoietako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.