Beren funtzioari muzin egitea leporatu die ELAk arduradun politikoei. Gehienen interesak babestu beharrean, herritarrak baztertu eta «gutxiengo boteretsu bati» men egitea. «Iruzur antidemokratikoa da», esan du Adolfo Muñozek, ELAko idazkari nagusiak, agiri baten bidez. Egoera iraultzeko, demokrazia sakontzeko eta politika publikoak errotik aldatzeko eskatu die. Funtsean, aberastasuna hobeto banatzeko.
Muñozen iritziz, politikariek beldurra dute neoliberalismoari aurre egiteko, eta, ondorioz, eskuineko politikak nagusitu dira, eta haiek ezartzen dituzte politikako agenda eta edukiak. «Beti norabide berean», salatu du, «gizarte eta lan eskubideak urratzea, errenta kapitalera eskualdatzeko».
ELAren proposamenak agintarien kontrako norabidean doaz. Krisiaren arrazoiak errotik aldatzeko, bestelako neurrien alde egin du: aberatsenei zergak igotzea, gizarte gastua handitzea, soldatak igotzea eta lanaldiak txikitzea.
1. Zerga politika
«Premiazkoa da bestelako zerga politika bat, aberatsei emandako oparietan atzera egingo duena», Muñozen iritziz. ELAko idazkari nagusiaren arabera, opariak dira azken urteetan aberatsentzat, enpresentzat eta kapitalarentzat onartutako zerga murrizketak.
Horiei guztiei zergak igo behar zaizkiela zuritzeko, aberats baten hitzak baliatu dituzte, Warren Buffetenak; munduko pertsonarik aberatsenetan hirugarrena da hura. Buffetek aberatsei zergak igotzeko eskatu zion Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako presidenteari. Sistemaren desoreka erakusteko, Buffetek alderatu egin zituen berak eta bere langileek ordaintzen dituzten zergak: aberatsak %16, eta langileek %36.
Buffetentzat, aberatsenei zergak igotzea enplegua sortzeko modua da. ELA bat dator, uste baitu zergapetzen ez diren irabaziak ez direla inbertsio produktiboa, ez dutela enplegua sortzen. «Aldiz», Muñozen esanetan, «espekulazioa eta kapital ihesa dira».
Buffetek esandakoa ikusita, Muñozentzat «lotsagarria da aberatsak gure politikarien gainetik egotea gizarte gogoetan, lotsagarria eta oso argigarria, nor babesten duten jakiteko».
ELAk behin eta berriro esan du aurre egin behar zaiola zerga iruzurrari. Muñozek salatu du diputazioek ez ikusiarena egiten dutela.
2. Soldatak
Eskaera ez da berria: soldatak igotzea, erosteko ahalmena handitzea. «Azken urteetan zazpi puntu txikitu da lan errentek aberastasunean duten pisua», ELAren datuen arabera. Ondorioz, «gero eta langile gehiagok arazoak dituzte hilaren amaierara iristeko».
3. Enplegua
Muñozek uste du enplegu egonkorra eta kalitatekoa sortzeak izan behar duela politika publikoen lehentasuna, ez gastu publikoa eustea edo txikitzea. Enplegua sortzeko bideetako bat lanaldia txikitzea dela dio.
4. Gizarte gastua
Murrizketa garaiak dira gizarte zerbitzuetan. ELAk, ordea, gizarte gastua handitu egin behar dela uste du, gutxien dutenei laguntzeko: gizarte laguntzetan, etxebizitzan, osasun zerbitzuetan, hezkuntzan... Gizarte gastuaren alde egin du, alde batetik, krisiaren eraginez premia inoiz baino handiagoa delako; bestetik, enplegua sortzen dutelako. «Zenbait azpiegitura bidegabek sortzen dutena baino enplegu gehiago eta hobea», nabarmendu du Muñozek. Abiadura handiko trena, Pasaiako kanpo portua (Gipuzkoa) eta Los Arcosko zirkuitua (Nafarroa) aipatu ditu.
5. Kutxen bat-egitea
ELA BBKren, Kutxaren eta Vitalen bat-egitearen kontra dago. Bai behintzat aukeratu duten bat egiteko moduaren kontra: bankua sortzea eta negozioa bertara pasatzea, gizarte ekintza bereiziz. ELArentzat, «kontraesana» da krisiaren ondorioa izatea kutxek pribatizazio prozesu bat abiatzea «banka pribatuak ekonomia are gehiago kontrolatzeko». ELAk alderantzizkoa eskatu du: banka publikoa, «interes publikoak lehenetsiko dituena».
6. Merkel eta Sarkozy
Muñozek ez die alde onik ikusten Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak eta Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak iragan astean egindako proposamenei. Ikustekotan, finantza tratuei ezarri nahi dieten zergari ikusten dio, baina funtsean uste du «keinu bat» besterik ez dela, ezerezean geratuko den keinu bat. Gainerako neurriak «oso larriak» direla uste du, gastu publikoari muga jarri nahi dietelako, «funtsean gizarte gastuari». Europako Batasuneko agintariei bankuen eta enpresa handien interesak babestea leporatu die. Baita beste atzeraldi bat bultzatzea ere, hartzen ari den erabakien ondorioz.
7. Egoeraren erantzuleak
ELA harrituta eta haserre dago, gaur egungo egoera aurreko urteetan hartutako erabakien ondorioa den arren, inork ez duelako bere gain hartu politika haien porrotaren erantzukizunik. Harrituta eta haserre dago, egoera larriagoa delako: «Agenda politikoa ezartzen jarraitzen dute porrot egin zutenek, politika haien mesedetan erabiltzen». Politikari horiei leporatu die ekonomia pribatizatzea, banku publikoak deuseztea, lan merkatuan prekarietatea «inposatzea», arlo publikoa «deskapitalizatzea» eta zerga erreformak aberatsen mesedetan egitea.
ELAk herritar gehienen alde egiteko eskatu die agintariei
Orain arte hartutako neurrien kontrakoak nahi ditu: aberatsenei zergak igotzea, gizarte gastua handitzea eta soldatak igotzeaMuñozentzat kontraesana da krisiaren ondorioz kutxek pribatizazioa abiatzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu