Negoziazio kolektiboan "oinarrizko arau demokratikoak" errespetatzeko eskatu dio Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak hilaren 25eko hauteskundeen ostean sortuko den Gasteizko gobernu berriari. Horrela, gehiengo sindikala ordezkatuta ez dagoen organoetan parte ez hartzeko galdegin du sindikatuak. Finean, Jaurlaritzak Elkarrizketa Sozialeko Mahaian parterik ez hartzea nahi du ELAk, han soilik CCOO eta UGT sindikatuak daudelako ordezkatuta —ELAk eta LABek ez parte hartzea erabaki zuten—, Confebask patronalarekin eta gobernuarekin batera.
Hain zuzen, Jaurlaritzak, Confebaskek, CCOOk eta UGTk uztailean iragarri zuten eragin mugatuko lan hitzarmenak bultzatuko dituztela. ELA eta LAB horren kontra daude. Muñozen arabera, "izugarria eta thacherismo hutsa da Urkulluren gobernuak patronalari esatea nahi duena aukeratzeko, gehiengo sindikala bazter lagata".
Politika fiskal berriak
Lan hitzarmenen gaia eta beste hainbat bildu ditu sindikatuak zortzi orriko agiri batean azken lau urteetako gobernu jarduera kritikatzeko, eta datozen lau urteetarako eskariak egiteko. Politika fiskalean aldaketak egitea ezinbestekoa da, Muñozen esanetan: "Politika fiskala aldatzen ez bada, gobernuak ez du ezertarako aukerarik izango". Zerga sistema bidezkoagoa eta progresiboa ezarri ezean orain arteko politika berberek jarraituko dutela azaldu du.
ELAk aurreikusi du hurrengo gobernuak murrizketak eta erreformak egiten jarraituko duela, eta, horregatik, "politika neoliberalen kontrako oposizio politiko bat" eskatu die oposizioan geratzen diren alderdiei.
Bestetik, Madrilen menpeko aurrekonturik ez egiteko eskaria ere egin du sindikatuak. Zor publikoaren ordainketa lehentasun gisa ez hartzeko eskatu du, eta Espainiako Gobernuak autonomia erkidegoei ezarritako defizit mugak ere ez errespetatzeko.