ELAk iaz sinaturiko lan hitzarmenetako soldatak %6,5 igo ziren, batezbestekotik gora

Sindikatu subiranistak bere borroka moldea goratu du iazko balantzean: «Zenbat eta greba gehiagotara deitu, orduan eta hitzarmen hobeak sinatzen dira».

Zahar etxeetako langileak
Zahar etxetako langileak lan hitzarmena sinatu izana ospatzen, iaz. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2024ko otsailaren 5a
14:40
Entzun

ELAk iaz sinaturiko lan hitzarmenetako soldatak %6,5 igo ziren batez beste, eta sinatu ez zituenetakoak, aldiz, %4,1. Sindikatu subiranistak iazko jardunaren balantzea azaltzeko eman duen daturik esanguratsuena da hori, eta enpresa eta sektore itunak bateratzen ditu. Sindikatuaren kalkuluen arabera, iaz sinatu zituzten itunen %86tan bermatuta dago KPIaren araberako igoera, eta %53tan lanaldia murriztu da. Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak nabarmendu du ELA izan dela hitzarmen onenak lortu dituen sindikatua, eta borroka dagoela «lorpen» horien atzean: «Zenbat eta greba gehiagotara deitu, orduan eta hitzarmen hobeak sinatzen dira».

ELAk hamabost sektore hitzarmen sinatu zituen iaz, eta beste hainbeste enpresa hitzarmen. Pello Igeregi arduradunaren hitzetan, akordio horiek beste sindikatuek sinaturikoa baino hobeak dira, «parametro guztietan». Urteko balantzea egitean, sindikatuen ordezkariek greben eraginkortasuna nabarmendu dute, eta Hego Euskal Herriko greben %70,5 ELAk antolatu izana goratu. LAB izan zen greba gehien antolatu zuten sindikatuetan bigarrena, deialdien %29,5 hari baitagozkio. Halaber, azaldu dute sektore feminizatuetan aldeak are handiagoak direla. ELAren arabera, itunetan jasotako soldata igoerak batez beste %7,8koak izan dira emakumeak nagusi diren sektoreetan, eta %4,3koak besteetan.

%70,5

ELAk egindako greba deialdiak ELAk deituak dira Hego Euskal Herrian iaz egindako hamar grebatik zazpi. LAB izan zen deialdi gehien egindako sindikatuetan bigarrena (%29,5).

Greben estrategiari eusteko erresistentzia kutxa «funtsezko» erreminta dela nabarmendu du Lakuntzak, eta haren ordaina hobetu egin dutela aurten: 1.323 eurotik 1.389ra igo da –hamabi ordainketatan–. Ordaintzaile kopurua ere handitu da, sindikatuak 103.000 afiliatu baititu orain, iaz baino mila gehiago. Datu horiek aintzat hartuta, idazkari nagusiak mezu bat bidali izan nahi die patronal eta erakunde publikoei: «Utz ezazue negoziazio mahaiak blokeatzeari. Badakizue badugula eusteko ahalmena: zergatik behartzen dituzue langileak grebara jotzera?».

«Patronalik gogorrena», erakundeak

Erakunde publikoak aipatuta, «patronalik gogorrena» direla salatu du Igeregik, eta lan eremu horretan dutela «negoziazio kolektiboko hutsune nagusia». Lan baldintzak dekretu bidez ezartzea deitoratu du. Halaber, gogoratu du iaz bi greba egun antolatu zituztela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako funtzio publiko osoan, eta LABen erruz Nafarroan ez zirela egin. «Ulertezina da LABek administrazioko grebei betoa jarri izana».

ELA eta LABen arteko harremanak ez daude bere onenean, eta hori ez da LABi bidali dioten gezi bakarra. Izan ere, Lakuntzak zera esan du: mahai instituzionaletatik zenbat eta urrunago egon, «are hobeto». Haren ustez, denbora galtzeko baino ez dute balio. Mahai horiek izendatu eta guzti egin ditu: «LHK, Osalan, Lanbide...». Urte askoan izandako jarrera aldatu zuen LABek iaz, eta mahai horietako batzuen zuzendaritza organoetara itzultzea erabaki.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.