Joan den urteko sindikatuen hauteskundeetan ELAk lehenagotik zuen nagusitasuna berretsi egin du. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan irail eta abendu artean egin diren hauteskundeetan, %40,33 ordezkari lortu ditu; 2009an baino %0,15 gehiago. Portzentajeetan gora egin duen sindikatu bakarra bada ere, ordezkari kopuru gehien galdu duen sindikatua da: 475 denetara. Hala ere, kontuan hartu behar da krisi egoera dela-eta enpresa asko itxi egin direla eta ordezkari sindikal gutxiago daudela. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan denetara 1.246 ordezkari gutxiago daude, eta Nafarroan 200 inguru. Edozein modutan, ELAk 7.885 ordezkari lortu ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan, berriz, hirugarren indarra izaten jarraitzen du ordezkarien %21,09arekin (1.373).
Adolfo Muñoz idazkari nagusia gustura agertu zen datu horiekin. «Ez genuen horrelako emaitzarik espero», eta datu horiek lortzeamilitantziaren jardunaren ondorio dela azpimarratu du, «bestela ezin izango baikenituen emaitza horiek lortu».
Hala ere, hauteskunde sindikalek apirilera arte jarraituko dute, eta bertan ordezkarien %60 aukeratuko da. Nafarroan, ostera, urritik ekainera arte luzatuko da hauteskunde epea, eta abenduaren amaiera arte, ordezkarien kopuru oso txikia aukeratuko da.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hauteskundeei begiratuz gero, bigarren indarra CCOO izan da, ordezkaritzaren %20,02arekin (3.913); 2009ko hauteskundeetan baino 284 ordezkari gutxiago lortu ditu, %0,16 hain zuzen. Nafarroan ere bigarren indarra izaten jarraitzen du.
LABek, bestalde, hirugarren indarra izaten jarraitzen du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ordezkarien %16,25arekin (3.176);2009an baino %0,47 gutxiago dira horiek, 301 ordezkari galdu baititu. Nafarroan laugarren indar sindikala da LAB orain arteko datuen arabera.
UGT sindikatuak ordezkaritzaren %13 lortu du (2.546); 2009ko hauteskundeekin alderatuta, %0,12ko galera izan du ordezkarietan, 191 gutxiago lortu baititu. Nafarroako datuen arabera, lehen indar izaten jarraitzen du ordezkaritzaren %30,65arekin eta 1.995 ordezkarirekin.
Azkenik, 2009ko hauteskundeekin alderatuz gero, sindikatu txikiek ordezkaritza mailan sekulako igoera izan dute, %7,71tik %10,38ra igo baitira. Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiaren hitzetan, «garrantzitsua da talde hori haztea, lauko sindikalismotik ateratzen baikara horrela».
Bi sindikalismo mota
ELAk eta LABek ordezkaritza sindikalaren gehiengoa izaten jarraitzen dute, %56,58rekin. CCOOk eta UGTk osatzen duten bikoarekin alderatuz gero, %23,56 ordezkari gehiago dauzkate sindikatu abertzaleek. CCOO eta UGT sindikatuen artean ordezkarien %33,02 lortu dituzte; ELAk jakitera emandakoaren arabera, bi sindikatu horien artean inoiz lortu dituzten emaitza eskasenak dira.
Datu horiek sindikatu abertzaleen gehiengoa erakusten badute ere, Eusko Jaurlaritzak haiekin bildu gabe jarraitzen duela azpimarratu zuen Muñozek. «Gu kritikoak gara euren politikekin, eta horregatik ez dira gurekin batzen. Horren ordez, sindikalismo otzanarekin batzen dira», ELAko idazkari nagusiaren arabera.
«Europan azken 30 urteetan egiten ari den politika kontserbadoreenen aurrean gaude», azaldu zuen Muñozek, eta horren aurrean bi ikuspuntu daude, haren ustez: politika horiek babestea, edo aurka egitea. «Guk Europako gainerako sindikatuek egiten duten bezala, aurka egiten dugu, CCOO eta UGTk ez bezala».
ELAk lehen indar sindikala izaten jarraituko du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan
Ordezkaritzaren %40 lortu du, eta LABekin batera gehiengo sindikala osatzen jarraituko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu