Gizarte laguntzak

ELAk salatu du DSBEaren aurreproiektuak murrizketak ezartzen dituela

Sindikatuak dio onuradunek jaso beharko luketena baino 200-300 euro gutxiago jasoko dutela.

Lanbideren bulego bat. RAUL BOGAJO (FOKU)
jokin sagarzazu
2021eko uztailaren 27a
13:46
Entzun

ELAk adierazi du Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Lan Sailak diru sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) erreformatzeko egindako aurreproiektuak eutsi egiten diela «dagoeneko indarrean dauden murrizketei», eta 2008an Eusko Legebiltzarrean onartu zen legearekin alderatuta «atzerapauso bat» dela. DSBEarekin loturiko laguntzak orain dela hamahiru urte baino txikiagoak izango direla salatu du.

Idoia Mendia sailburuak maiatzean aurkeztu zuen DSBEaren legea erreformatzeko egitasmoa. Pentsiodunak eta adingabeak dituzten familiak lehenetsiko dituela azpimarratu zuen. Eusko Legebiltzarretik pasatu behar da testua. Jaurlaritzaren nahia da lege berria datorren urteko udazkenean sartzea indarrean. Gaur egun 55.000 lagun inguruk jasotzen dute DSBEa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Sindikatu abertzaleak azaldu duenez, orain erreformatu nahi den 2008ko legeak zehaztu zuen zenbatekoak ezarri behar direla lanbide arteko gutxieneko soldataren arabera: horren %88 jaso behar dutela bakarrik dauden pertsonek, %113 bi pertsonako familia unitateek, %125 hirutik eta hortik gorakoek, eta %100 pentsiodunek. Irizpide hori gaur aplikatuko balitz, ELAk dio bakarrik daudenek hilean 975 euro jaso beharko luketela, eta pentsiodunek, 1.108 euro. Egun, baina, hurrenez hurren 706 euro eta 810 jasotzen dituztela azaldu du. Gainera, aurreproiektuak aurrera eginez gero, sindikatuak dio DSBE arrunta «berdin» geratuko litzatekeela, eta, pentsiodunenak gora egingo lukeen arren —810 eurotik 893 eurora—, salatu du horrek ez lukeela beteko 2008ko legean ezarritakoa.

Horrez gain, gogoratu du aurreproiektuak 23 urtean daukala jarria oraindik DSBEa jasotzeko gutxieneko adina, eta laguntza jasotzeko gutxienez bi urteko errolda proposatzen duela familian adingabeak badaude, eta hiru urtekoa gainerako kasuetan. ELAren arabera, atzerapausoa da 2008ko araudiak ezartzen duenarekin alderatuta: «Urtebetekoa zen orduan». 2011. urtean hirura igo zuen Patxi Lopezen gobernuak (PSE-EE), PPren babesarekin.

Gainera, azpimarratu du etxebizitzako prestazio osagarria (EPO) desagertu egin dela egitasmo berrian, eta, oro har, «hartzaileen kontrolari eta kriminalizazioari» eusten zaiola.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.