Espainiako Gobernuak, CCOO eta UGT sindikatuek, eta CEOE eta Cepyme patronalak hitzartutako pentsioen erreformaren lehen zatiak «ondorio larriak» izango dituela ohartarazi du Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak.
Erreformaren inguruan «sortutako desinformazioari eta propagandari» aurre egin nahi diola aldarrikatu du, eta puntu batean jarri du indar gehien: «belaunaldi arteko ekitate tresna«. «Gobernuak pentsioetan murrizketak egiteko txeke zuria dela, erretiro adina edo pentsio berrien kalkuluaren gisakoetan neurri berriak hartzeko aukera eskaintzen diolako».
Berez, «belaunaldi arteko ekitate tresna» ez dago indarrean, oraindik ez baitute zehazki zer den definitu. Azaroaren 15era arteko epea eman diote beren buruari Espainiako Gobernuak eta gizarte eragileek tresna negoziatzeko. Aurreko erreformetako Iraunkortasun Faktorea ordezkatu behar du, eta haren helburua da pentsioetan egiten den gastua kontrolpean izatea; edo beste modu batera esanda, asko ez handitzea. Jasangarritasun faktorea bizi itxaropenari lotuta zegoen, eta aurreikusten zuen bizi itxaropena handitu ahala, txikitzea langile baten hasierako pentsioa. Ez da inoiz ezarri.
«Belaunaldi arteko ekitate tresna», berriz, espresuki baby boom-aren belaunaldiari begirako tresna bat izango dela iradoki du Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroak, hau da, 1958tik 1975-77ra arte jaio zirenentzat. Belaunaldirik jendetsuena da hori, aurki hasiko da erretiroa hartzen, eta horrek ekarriko du pentsioetan egiten den gastua gehiago bizkortzea. Horregatik, Escrivak azaldu du ideia dela belaunaldi horrek besteek baino pentsio txikiagoa izatea, edo gehiago lan egin behar izatea pentsio osoa kobratzeko. Adierazpen horiek iskanbila sortu zutela ikusita, «egun txarra izan eta gaizki esplikatu» zela esan zuen ondoren ministroak, eta atzo aipatu zuen agian ez dela beharrezkoa izango.
ELAk ez dio sinesgarritasun handirik eman Escrivaren zuzenketari, eta, funtsean, «belaunaldien arteko elkartasun tresnak» Iraunkortasun Faktoreak egin behar zuena egingo duela ziurtatu du Mikel Noval sindikatuko azterketa taldeko buruak. «Iraunkortasun Faktorea pentsioak doitzeko mekanismo automatiko gisa formulatu zen; gobernuak etorkizuneko pentsioak murriztu zitzan, bizi itxaropena handitzen bazuen. Hau da, urte gehiago bizitzea bada aurreikuspena, urteko diru sarrerak murrizten dira. Eta horixe espero dugu aurtengo erreformarekin».
KPIaren araberako eguneratzea
Bestetik, Janire Landaluzek gogorarazi du erreformak, gutxieneko pentsioa 1.080 eurotan finkatzeko eskaerari muzin egiteaz gain, gehienezko pentsioei ere eragiten diela, erretiro aurreratuak eragozteko. Gainera, garrantzia kendu dio Espainiako Gobernuak eta CCOO eta UGT sindikatuek azken erreforman gehien nabarmendu duten kontua, hots, aurreratzean pentsioak KPIaren arabera eguneratuko direla. «Praktikan, 2018tik aurrera aplikatzen ari dira hori, aurrekontuen bidez», esan du Janire Landaluzek. Gainera, «bost urterako soilik ezarriko da, hala adierazita dagoelako akordioan».
ELAk nabarmendu du erreforma Espainiako gizarte elkarrizketaren emaitza dela, «gizarte bakea» bilatzen duen organo batena. Haren filosofia eta Toledoko Itunarena gaitzetsi ditu: «Horretarako balio dute mahai horiek, murrizketak bideratzeko eta desmobilizatzeko».
Eskaria alderdiei
Horregatik guztiagatik, idazkari nagusiaren hitzetan, ELAk ordezkaritza duten alderdiei eskatuko die «erretiro aurreratuan planteatutako murrizketak argi eta garbi errefusatzeko, bai eta Iraunkortasun Faktorea indargabetzea exijitzeko ere, beste mekanismo batez ordezkatzeko aukerarik gabe. Era berean, pentsiodunen mugimenduaren eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak deitutako urtarrilaren 30eko greba orokorraren aldarrikapenak ere sartu behar dira«.
EAJren eta EH Bilduren botoek pisu handia izan dezakete pentsioen erreformaren tramitazioan, baldin eta, dirudien bezala, PPk ez badu babesten.