Bero daude euskal sindikatuen postontziak. Gutun bidez, irailaren 29ko greban parte hartzeko eskatu zioten gehiengo sindikalari CCOOk eta UGTk. Ezetz esateko arrazoiekin, beste gutun baten bidez erantzun zuten ELAk eta LABek, eta jendaurrean jakinarazi egin zuten horren edukia. Atzo, argudio horiei aurre egiteko,beste idazki bat plazaratu zuen CCOOk Araba, Bizkai eta Gipuzkoan duen idazkari nagusiak, Unai Sordok. Testuan sindikatu abertzaleen jarduna kritikatu du Sordok, batez ere ELArena.
ELA eta LABen estrategia politikoa «kezkagarritzat» jo du Sordok, eta irailaren 29ko grebari ezetz esateak etorkizunera begira ekintza batasunean atzera egitea eragingo duela uste du. Sindikatuen arteko ezadostasunaren muina ELAren jokabideari leporatu dio, gainera. «ELAk nagusikeriaz jokatzeko egin duen apustua, LABek jarrera horri gehienetan egiten dion jarraipena, eta logika politikoa sindikalaren gainetik jartzea dira EAEn sindikatuen artean dauden gatazken mamia», dio hitzez hitz gutunak.
Sindikatu abertzaleei gizarte elkarrizketa «presio bidez, mahairik gabe eta isilpean» egin nahi izatea egotzi die Sordok. «Zuen eredua ez da negoziazioa; sailburu bati telefonoz hots egitea eta zer egin dezakeen eta zer ez esatea da zuen eredua», esan du CCOOkoidazkariak. Hala, 1996an enplegu politika aktiboak eskualdatzeko Eusko Jaurlaritzak eta Aznarren gobernuak akordioa lortu zutela ziurtatu du. Akordio hori gauzatzea ELAk zapuztu zuen, betiere Sordoren arabera.
Negoziaziokolektiboari dagokionez, sektoreko itunei bizkarra ematea egotzi dio Sordok ELAri, eta Euskal Herriko negoziazio esparruak indartzeko ez duela lanik egiten aurpegiratu dio. Sordoren ustez, enpresa esparruari lehentasuna ematea propio erabaki du ELAk: «Negoziazioa bere interes korporatiboaren alde atomizatu nahi duena da arautze kolektibo propioaren aurkari nagusia; eredu hori saldo neoliberalak defendatzen duenaren parekoa da».
«Usurpaziorik ez»
Sindikatu abertzaleen eta Espainiakoen arteko tentsioa areagotu duen beste atal bat lan eta gizarte arloko organoetako ordezkaritza da. ELAk eta LABek uko egin zioten LHKn edo KESen ordezkariak izendatzeari. Ondoren, toki horiek CCOOk eta UGTk hartu zituzten. Sordoren ustez, ez da «usurpaziorik» egon. «Ordezkari guztiak izendatu behar direla dio legeak. Posible zenuten ordezkariak izendatu, baina gero jardunean ez parte hartu». Berriro ordezkaritza nahi izanez gero, atzera egitera deitu ditu ELA eta LAB.
ELAren «nagusikeriari» egotzi dizkio CCOOk sindikatuen arteko gatazkak
Sindikatu abertzaleek gizarte elkarrizketa «mahairik gabe eta presio bidez» egin nahi dutela uste du Sordok
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu