Arrantza

Elduaien: "Gustua ematen du itsasora joan eta zenbat antxoa dagoen ikusteak"

Oraingoz, 5.000 tona antxoa arrantzatu dituzte arrantzaleek; kiloa, batez beste, 1,86 euroan.

Eusko Jaurlaritzak antxoaren eta berdelaren 2017ko kanpainaren datuak eman ditu. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS
Jon Fernandez.
2017ko maiatzaren 5a
11:02
Entzun 00:00:0000:00:00

Eusko Jaurlaritzak aurtengo antxoaren eta berdelaren kanpainetako datuak eman ditu, ohi bezala, Getariako (Gipuzkoa) Antxoa Egunaren ospakizuna baliatuta. Aurten, dagoeneko, Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek 5.000 tonatik gora antxoa harrapatu dituztela azaldu du Bittor Oroz Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak. Kiloko prezioa 1,86 eurokoa izan da, batez beste.

"Kanpaina ondo hasi da, nahiz eta harrapaketak iazkoak baino gutxiago izan. Hala ere, prezioa handiagoa izan da", azpimarratu du Orozek. Iaz, maiatz hasierarako 8.000 tona arrantzatu zituzten arrantzaleek, aurten baino 3.000 tona gehiago, eta kiloa 1,72 euroan saldu zuten.

Edonola ere, arrantzaleak eta gobernua baikorrak dira. "Oraindik hilabete batzuk falta dira arrantzaldia bukatzeko, eta espero dugu kanpaina amaiera arrakastatsua iragartzea", zehaztu du Orozek. Iaz, bereziki apirilean izan ziren antxoa harrapaketa handienak; aurten, aldiz, espero dute maiatzean izatea arrantzurik esanguratsuenak.

"Gauza bat da lehorretik ikusten dena, eta beste bat itsasotik ikusten dena", azpimarratu du Eugenio Elduaien Gipuzkoako Kofradien Federazioko presidenteak. Antxoa ugari dagoela esplikatu du, baina asko egotea sarri kaltegarria dela arrantzaleen errentagarritasunerako, tamaina txikikoak eta handikoak nahasian egoten direlako; arrantzaleei antxoa handiak komeni zaizkie, kontserbetarako enpresek garestiago ordaintzen baitute handia. "Gustua ematen du itsasora joan eta zenbat antxoa dagoen ikusteak", adierazi du Elduaienek.

Berdela: gehiago eta garestiago

Berdelaren kanpainaren gaineko balorazioa ere ona izan da Jaurlaritzarentzat. Aurten, 12.800 tona berdel harrapatu dituzte, eta batez besteko prezioa 0,93 eurokoa izan da kiloko. Horrek esan nahi du datuak hobeak direla iaz baino, bai tonatan bai eurotan. Iaz, 10.400 tona berdel arrantzatu zituzten, eta kiloa 0,75 euroan saldu batez beste.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.