Elektronika eta ingeniaritza enpresen klusterrek bat egin dute

Ohartarazi dute lanpostuak asko aldatzen ari direla ekonomiaren aldaketa sakonaren ondorioz, eta agian ez dela langile prestaturik izango

Gaia klusterreko eta AVIC elkarteko ordezkariak, atzo, Bilbon. GAIA.
Irune Lasa.
2017ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Elektronika eta telekomunikazio enpresek indarrak batu dituzte ingeniaritza eta aholkularitza etxeekin. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako bi sektore horiek batzen dituzten erakundeek, Gaia klusterrak eta AVIC elkarteak, entitate bakarra osatuko dute aurrerantzean. Ez da makala izango bateratzearen emaitza: kluster berriak 286 enpresa bilduko ditu, eta 18.776 langile izango ditu.

«Euskal lehiakortasun sistemako giltzarria indartu egiten duelako; etorkizunak eskatzen dituelako ezagutza eta teknologia, esperientzia eta enpresa gaitasuna». Gaia klusterreko presidente Jose Etxezarrak hitz horiekin azaldu zuen atzo, Bilbon, zergatik bat egin duten TEIK sektoreko klusterrak eta ingeniaritza aholkularitzako AVIC elkarteak.

Gaia klusterreko batzarrak herenegun eman zion oniritzia bateratzeari; AVICek, berriz, gauza bera onartu zuen maiatzaren 29ko batzarrean. Zuzendaritza berrian, bi aldeetako ordezkariak izango dira, eta orain arteko presidenteak —AVICeko Aitor Alzola eta Gaia klusterreko Jose Etxezarra— kluster berriaren presidentekideak izango dira.

Etxezarraren aburuz, «megasektore berriak gaitasuna eta ezagutza integratzen ditu; eraldaketa digitalerako balio kate berriak aktibatzeko xedez, indartu egiten du ezagutza eta teknologiako eskaintza hibridoa, eta, ondorioz, gaitasun handiagoa ematen digu agertzen diren garapen berriei erantzuteko. Gehiago gara, eta indartsuagoak gara, halaber, Euskadiren eraldaketa digitala nazioartean proiektatzeko ere».

Kluster berriak, hain zuzen, nazioartetik espero du etortzea urte honetarako aurreikusitako fakturazio hazkundearen zati handi bat, esportazioak 2.070 milioi eurora iristea aurrikusi baitute, %3,5 gehiago. Orotara, 5.000 milioi euro inguruko fakturazioa iragarri du klusterrak 2017. urterako, %2,6 gehiago. Horretatik ia %75 dagokie elektronikan, informatikan eta telekomunikazioetan dabiltzan enpresei, eta gainontzeko laurdena, berriz, ingeniaritza eta aholkularitza enpresei.

19.200 langile

Kluster berriak bazkide kopurua 293ra handitu ahal izango duela uste dute haren bultzatzaileek. Horrenbestez, enplegua ere hazi egingo da alorrean, 19.200 langileraino. Iaz, %4 inguru handitu zituzten lanpostuak.

Enpleguarekin lotutakoa da sektoreak etorkizunari begira duen kezkarik handiena. Aitor Alzola presidentekideak esan zuen «talentuaren desafioa» dutela aurrean. Klusterreko enpresek zailtasunak dituzte ekonomiaren eraldaketa sakonaren ondorioz «merkatuak eskatzen dituen profil berriak» lortzeko. Horrek trabak sor ditzake sektoreak espero duen hazkundean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.