Elikadura burujabetzaren aldeko manifestazio bat egingo dute Iruñean apirilaren 27an

Trantsizio agroekologikoa babestu eta makroetxaldeen eredua baztertuko duten politikak eskatuko dituzte.

Elikadura burujabetzaren aldeko manifestaziora deitu duten eragileak, gaur, Iruñean. EHKOLEKTIBOA
Elikadura burujabetzaren aldeko manifestaziora deitu duten eragileak, gaur, Iruñean. EHKOLEKTIBOA
mikel p ansa
2024ko apirilaren 18a
21:03
Entzun

Elikadura burujabetzaren, trantsizio agroekologikoaren eta landa eremu bizi baten alde, lurraren defentsan, eta agroindustriak bultzatzen duen ekoizpen ereduaren, makroetxaldeen eta produktu kimikoen zein pestiziden kontra, apirilaren 27an manifestazio bat egingo dute Iruñean, 17:30ean hasita, Baluartetik abiatuta. Nafarroako hamabi ekoizlek antolatu dute martxa, eta dozenaka elkarte eta talderen babesa izango dute.

Elikadura burujabetzaren aldeko mezuarekin eta manifestaziorako deiarekin batera, proposamen sorta bat plazaratu dute gaur Iruñean, Geltokin egin duten agerraldian. Jakinarazi dute 2.300 laborari galdu dituela Nafarroak azkeneko bi hamarkadetan, «lurrari lotuen» dauden laborari txikiak direla horien arteko gehienak, eta horiek desagertzeak makroetxaldeei mesede egin diela.

«Neurri txikiko edo neurri ertaineko eredu bat, justua, dibertsifikatua, agroekologikoa, tokiko kontsumoari eta merkaturatzeari lotua» sustatu behar dela uste dute, ekoizleei eta erosleei prezio duinak bermatzeko, eta ingurumena babesteko. Laborantza sektorea ez desagertzeko, ezinbestekoa dela adierazi dute. Burokraziak dakarkien pisua ere deitoratu dute.

Neurri zehatz ugari ere proposatu dizkiete agintariei. Besteak beste, hauek: laborantza lurrak babestea, energia berriztagarrien proiektuak eta meategien proiektuak ugaritzen ari diren honetan; lurraren %25 ekoizpen ekologikoko laborantzara ematea; burokrazia gutxitzea; pestizidak, ongarri kimikoak eta halakoak erdira gutxitzea; eta «abeltzaintza industrialaren» esplotazio berriak debekatzea, eta halakoak gutxitzea; merkaturatze sare txikiak sustatzea, arlo publikotik ere bai.

AEN Alimentos Ecologicos de Navarra, Baztango Zaporeak, Belardi, Biba Ardoak, Bizilur, EHKOlektiboa, Ekoalde, Etxalde, Grupo Biodinamico Nafarroa, Habelarte, Hazialdeko eta Plazara taldeek antolatu dute protesta. Dozenaka taldek babestu dute deialdia, 150 eragilek baino gehiagok: tartean dira kontsumitzaile taldeak, hainbat sindikatu, talde ekologistak, ekonomia sozialeko elkarteak, feministak, eta bestelakoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.