Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako merkataritza gune handietako eta elikadura kate handietako salmentek %4,6ko beherakada izan dute maiatzean, urte arteko tasan. Prezio iraunkorretan, eta lan egutegiko termino homogeneoetan atera du datu hori Eustatek. 2020ko apirilari dagokionez, urtarorik gabeko terminoetan salmentak %1,3 igo dira.
Saltoki handien salmenten emaitza horiek erabat baldintzatu ditu koronabirusak. Maiatz osoan COVID-19ari aurre egiteko saltokiak partzialki edo osorik ixteko hartutako ezohiko neurriek emaitza oso desberdina eragin dute janari salmentetan —jarduera kritikoa eta funtsezkoa— eta gainerako artikuluetan —jarduera oso murriztua—. Hala, elikagaien salmentek urtetik urterako %10,2ko igoera islatzen badute ere, gainerako artikuluek %35,9ko jaitsiera izan dute.
Hala ere, apirilari dagokionez, orduan hartu baitziren neurririk larrienak, janarien salmentak %9,7 jaitsi dira; gainerako produktuenak, berriz, %74,0 igo dira, batez ere hilabetearen amaieran establezimenduak apurka-apurka berriro ireki direlako. Alegia, itxialdi garaian produktu fresko eta gainerako janari mota ugari erosi zela saltoki handietan, eta, taberna eta jatetxeak zabalduz joan diren heinean, erosketa maila horrek behera egin duela.
Lurraldeen arabera, urte arteko salmentek behera egin dute guztietan. Beherakada %3,5ekoa izan da Araban, %5,8koa Bizkaian eta %3,1ekoa Gipuzkoan. Aurreko hilabetearekin alderatuta, ordea, joera ez da homogeneoa; izan ere, salmentek %1,1 egin dute gora Araban eta % 2,3Bizkaian, baina Gipuzkoan, berriz, % 0,2 egin dute behera.
Lurraldeak eta enplegua
Horiek horrela, urteko lehen bost hilabeteetan, merkataritza gune handien eta elikadura kate handien salmentak %1,6ko beherakada izan du, gainerako produktuetan gertatu den beherakadaren ondorioz (%26,4); izan ere, elikaduran %10,8ko hazkundea egon da. Araban eta Bizkaian, %0,8 eta %3,2 jaitsi da, hurrenez hurren. Gipuzkoan, bilakaera positiboa izan da, %0,9 igo baita.
Langile kopurua %1,4 gehitu da maiatzean urte arteko tasan, baina %0,1 jaitsi da aurreko hilaren aldean. 2020ko lehen bost hilabeteetan langile enplegatuen kopuruak %1,6 egin du gora 2019ko aldi berarekin alderatuta.