Elkar-Lan elkarteak 138 kooperatiba sustatu ditu, 500dik gora enplegurekin

Sortutako enpresa berri gehienak, 72 hain zuzen, zerbitzuen sektorean eratu dira; bultzatutako beste 53 proiektuk ez dute emaitzarik izan

Javier Sanz eta Agustin Mendiola Elkar-Laneko arduradunak, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ /ARP.
xabier martin
2015eko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Ekintzailetzak aliatu garrantzitsua dauka Elkar-Lan kooperatiben sustapenerako elkartean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Elkar-Lanek urte bakarrean hauspotutako enpresa kopuruaren errekorra hautsi zuen iaz, 138 kooperatiba eratzen lagundu baitzuen. Enpresa horietan 507 lanpostu sortu ziren 2014an. Elkarteak enpresa berriak sortzeko beste 53 proiektu lagundu zituen, gainera, baina horiek ez zuten fruiturik eman.

Agustin Mendiola Elkar-Laneko presidenteak atzo azaldu zuenez, elkarteak bultzatutako 138 kooperatiba berrien artean gehien-gehienak lan bazkidetzakoak izan dira. Etxebizitzetako bik, kontsumo bik, nekazaritzako bakarrak eta irakaskuntzako beste batek osatzen dute zerrenda.

Enpleguari era zuzenagoan eragiten dion formulak, lan bazkidetutako kooperatibak, zerbitzuen sektorean izan du islarik handiena. 132 kooperatibetatik 72 hirugarren sektorekoak dira; 15 aholkularitza alorrekoak, zortzi sozialak eta sei ikus-entzunezko alorrekoak; turismo, ingeniaritza, diseinua, informatika eta publizitate alorrekoak ere badira beste hainbat. Zerbitzuetatik aparte, komertzioan hamabi sortu dira, eraikuntzan hamaika, bederatzi elektronikan, sei metalgintzan, bost ehungintzan, bost elikagaien atalean, lau garraioetan, hiru zurgintzan, eta bina nekazaritzan, arte grafikoetan, autogintzan, telekomunikazioan. Makina-erremintaren alorrean ere sortu da bat.

Enpresa gehienak martxan

Elkar-Lanek 2014an sustatutako kooperatiba bakoitzean 3,67 lanpostu daude batez beste. Horrek esan nahi du gaur egun 138 kooperatiba horietan 507 langile daudela. Bizkaian sortu du enpresa gehien Elkar-Lanek, 77 hain zuzen; Gipuzkoan 44 eratzen lagundu du; eta Araban 17.

Javier Sanz Elkar-Laneko zuzendariak emandako datuen arabera, elkarte horrek 734 kooperatiba sortzen lagundu du 2002tik, eta haien heriotza tasa oso txikia da, %3koa; bakarrik lau likidatu dira, baina beste 86 jarduerarik gabe daude. Horrek %11,7ra igoko luke sortu eta gero desagertu diren kooperatiben portzentajea.

Azken urtean berretsi den joera argi islatzen da azken hamabi urteetan ere, kooperatiba gehien-gehienak zerbitzuen sektorean sortzen direlako. Industrian eta nekazaritza-abeltzaintzan oso kooperatiba gutxi sortu ditu Elkar-Lanek. Sortu zenetik gaur egunera arte bildutako datuak kontuan hartuz, Sanzek jakinarazi zuen zein den ekintzailearen ohiko soslaia: 41 urteko gizonezkoa eta goi ikasketak dituena edo, behintzat, erdi mailako ikasketak dituena.

2014an kooperatibak sortu dituzten ekintzaileen artean %38,3 emakumezkoak dira, azken urteetako kopuruari eutsita. Gainera, enpresa horiek sortzeko batez besteko inbertsioa 18.000 eurokoa izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.