Elkar-Lanek 124 kooperatiba sortzen lagundu du

Elkarteak lagunduta eratu diren 574 kooperatibetatik bederatzi soilik itxi dira azken hamar urteotan

Erredakzioa
Bilbo
2013ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Bestelako enpresa ereduak ez bezala, kooperatibak indarra hartzen ari dira, eta ekintzaileentzat «erreferentzia» dira. Iazko emaitzei erreparatuta, ondorio hori atera du Elkar-Lan kooperatibak sustatzeko elkarteak. Krisiak krisi, inoiz baino enpresa gehiagori lagundu zien sortzen, 124ri hain zuzen. 2011ko datuekin alderatuta, %30eko igoera esan nahi du horrek. Kooperatiba bakoitzak bost enplegu inguru sortu zituen, hau da, guztien artean 608. Eta negozioa martxan jartzeko, batez beste, 18.000 euroko inbertsioak egin zituzten ekintzaileek.

Agustin Mendiola Elkar-Laneko presidenteak adierazi duenez, gazteek elkartasunerako aukera ematen duten enpresa ereduak nahi dituzte, parte-hartzaileak. «Euskadin oso errotutako eredua da kooperatibena, enpresa eraginkortasuna eta gizarte zuzentasuna uztartzen dituelako». Egoera ekonomiko kaskarrak kooperatibei ere eragin diela baieztatu du, baina «barne sakrifizioei» esker egokitu direla dio, besteak beste, soldatak jaitsita edo urteren batean interesak ez ordainduta. Enpleguari, ordea, eutsi egin zaio, eta lanpostu gutxi batzuk sortzea ere lortu da. «Babestu beharreko ondasuna da enplegua», azaldu du Mendiolak.

Iaz sortutako kooperatiben erdiak baino gehiago, 74 hain zuzen, zerbitzuen sektorekoak izan ziren; hamaikana eraikuntza eta merkataritzakoak; zortzi etxebizitzen arlokoak; launa automoziokoak, egur sektorekoak eta garraio arlokoak; hiruna elektrizitate eta metal jarduerei lotutakoak; eta bi ehungintzakoak. Mendiolari «bitxia» iruditu zaio sortu berri diren kooperatiba horietatik gehienak Bizkaian eratu izana (guztira 72), Gipuzkoan tradizio handiagoa baitu enpresa eredu horrek. Kooperatibismoa indarra hartzen ari dela erakusten dute aurtengo datuek ere. Dagoeneko 31 proiektu gauzatzen lagundu du Elkar-Lanek.

Iazko emaitzen berri emateko agerraldian, kooperatiba ekimenen zazpigarren txostena ere aurkeztu dute Mendiolak eta Javier Sanz elkarteko zuzendariak. Haren arabera, 2002ko abendutik —orduan sortu zen— 2011ra bitartean, 574 kooperatiba sortzen lagundu du Elkar-Lanek. Horietatik bederatzi bakarrik itxi dira. Ekintzaileen soslaia 42 urteko gizonezkoena da, eta erdiedo goi mailako ikasketak dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.