Elkar-Lanen laguntzari esker 143 kooperatiba sortu ziren 2015ean

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eratutako lau kooperatibatatik hiruk baliatu dute elkartearen aholkularitza.Ekintzaileen %38 bakarrik dira emakumeak, hezkuntza maila handiagoa duten arren

Agustin Mendiola eta Javier Sanz, atzo, Elkar-Lanen iazko urtearen balorazioa egin aurretik. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2016ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
«Ez genuen sekula pentsatukozenbaki hauetara iritsiko ginenik ere; etengabeko hazkunde prozesu batean gaude». Gustura azaldu da Agustin Mendiola Elkar-Lan kooperatibak sustatzeko elkarteko lehendakaria. Joan den urtearen balantzea egiteko prentsaurrekoan «inoizko daturik onenak» lortu dituztela esan du. 2015ean, 143 kooperatiba sortzen lagundu zuen elkarteak, eta horiek, guztira, 549 pertsonari eman diete enplegua ekintzailetzaren bidez. Baina kopuru hori areagotuko dela espero du: «Enpresa egonkortuz doan heinean datozen hilabeteetan langile gehiago hartuko dituztelakoan gaude». Datu onak dira Elkar-Lanek lortutakoak, eta ez daki Mendiolak goranzko joera horri eutsi ahal izango dioten, baina urteko lehen bi hilabeteetan 32 kooperatiba sortzen lagundu dutela zehaztu du. «Aldeko datuak dira horiek, duda gabe».

Datu historikoak dira kooperatibak sustatzeko elkarte horrentzat. Are gehiago, iaz Araba, Bizkai eta Gipuzkoan sortu ziren 199 kooperatiben %71k haien bitartekaritza izan zuten. Elkar-Lanek kooperatiben sorreran inoiz izan duen pisurik handiena lortu zuen horrela 2015ean.

Datu gehiago ere eman ditu Javier Sanz elkarteko zuzendariak. Proiektua abian jarri zenetik, 872 kooperatiba sortzen lagundu du Elkar-Lanek, eta 4.325 lanpostu sortu dira horiei esker. Horietatik guztietatik %85ek jarraitzen dute martxan, eta, hala, «kooperatibak krisiari aurre egiteko tresna hobe direla erakutsi dute».

Kooperatibak sortzen dituzten ekintzaileen profila ere eman du Sanzek: 24 eta 54 urte arteko gizonezkoak dira gehienak. Kooperatiba bat abiatzea erabakitzen dutenen %38 soilik dira emakumeak, nahiz eta horiek prestakuntza hobea daukaten. Emakume ekintzaileen %67k goi mailako hezkuntza daukate, eta gizonen arteko proportzioa, berriz, %30 da. «Beranduago egiten dute salto ekintzailetzara, arrazoi sozial, kultural eta familiarrak direla medio», azaldu du. Saltoa egitea erabakitzen dutenean, gainera, egoerak hala «behartu dituelako» erabakitzen dutela ere zehaztu du.

Eredua gehiago ezagutzea

Kooperatiba gehiago sortzen ari dira Elkar-Lanen bidez, eta horren arrazoia zein den galdetuta, Sanzek azaldu du eredua gehiago ezagutzen dela. «Pertsonek gero eta gehiago baloratzen dute enpresan zeresana izatea, eta hor kooperatibek zeresana daukate». Mendiolaren ustez, gaur egun, «gizarteak eta, zehazki, gazteek demokrazia gehiago eskatzen dute, eta, horregatik, kooperatiben eredua gero eta eredugarriagoa bihurtzen ari da».

Bestalde, 2008an kooperatiba txikien legea onartu izanak ere zeresana izan duela azaldu du Sanezek, «bi pertsonako kooperatibak sortzea ahalbidetu zuelako». Elkarteak iaz sortu zituen kooperatibek batez beste 3,84 pertsonari ematen diete behar, eta azpimarratu du sortzen diren kooperatiba gehienak txikiak direla. Urte hartan bertan krisi ekonomikoa piztu izanak ere eragina izan zuela uste du, «langabezian geratu ziren pertsona haiek bazekitelako zailtasunak izango zituztela beste inon lana topatzeko, eta orduan euren enpresa propioa sortzea erabaki zuten». Alde horretatik, kooperatiben eredua gero eta ezagunagoa bihurtzen ari denez, ontzat jo du enpresa mota hori aukeratu izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.