Elkargik enpresen eta finantza erakundeen artean zubilanak egiten ditu. Enpresa txikiei eta handiei finantzaketa baldintza onak lortzen dizkie; bestetik, enpresek maileguaren ordainketa berandu itzuli edo huts eginez gero, diru hori jasoko dutela bermatzen die banketxeei. Sortu zenetik Elkargik 1.923,7 milioi euro bermatu dizkie enpresei eta kopuru horretatik 622,4 milioi euro oraindik ere indarrean daude. Bestetik, azken bost urteetan 1.026 milioi bermatu ditu eta, guztira, 1.700 milioi euroko inbertsioa egiteko aukera eman du.
Arazorik ez izateko, Elkargik kaudimena txukun mantendu behar du. Gaur egun, 68,1 milioi euroko baliabide propioak ditu eta 1999tik %43,7 hazi dira. Mailegua berandu ordaintzen duten enpresak %0,57 dira eta huts egiten dutenak, berriz, %0,71. «Ratio horiek kontrolpean daudela adierazten du», azpimarratu zuen Jesus Alberdi zuzendari nagusiak.Hala, elkarteak 3,47 milioi euroko irabazi garbiak lortu zituen iaz. Bestetik, 176 enpresa bazkide berri lortu zituen iaz, eta guztira, 8.317 enpresa dira Elkargi osatzen dutenak. Bestetik, Alberdik nabarmendu zuen orain arte abal bat izenpetu duten enpresen artean %71,5ek 50 langile baino gutxiago dituela. Elkargiren jarduera nagusia enpresen finantzaketa bermatzea da, baina aholkularitza eta prestakuntza zerbitzuak ere eskaintzen ditu. Atal hori %16 hazi zen iaz.
Aurtengo aurreikuspena
Elkargiko arduradunek espero dute nazioarteko susperraldi ekonomikoa gauzatuko dela, eta, horregatik, aurten %9 abal gehiago izenpetzea espero dute: 235 milioi euro, orotara. Aurreikuspenok gauzatuko balira, Elkargik inoizko emaitzarik onenak lortuko lituzke.
-
Datua
%0,25
Finantzaketa baldintzak: Elkargik enpresei euribor gehi %0,25eko baldintzetan lortzen die finantzaketa. Gehienez 15 urteko amortizazio epea pabiloietan inbertitzeko eta 7 urtekoa beste aktibo finkoetarako. Finantza abalen kasuan 1,5 milioi euro berma ditzake gehienez, eta 1,2 milioi abal teknikoen kasuan.