Elkargi Elkarrekiko Garantia Elkarteko presidente Josu Sanchezen ustez, "susperraldia benetakoa da, sendoa eta iraunkorra, nahiz eta ziurgabetasun batzuk badiren". Elkargik emandako bermeen kopuruak aztertuta plazaratu du Sanchezek baieztapen hori. Elkarrekiko garantia elkarteak 261 milioi euroko bermeak eman dizkie enpresei 2017. urtean, aurreko urtean baino %4,3 gehiago.
Berme horien gehiengoa (%42) enpresen finantzaketara bideratu da, 110 milioi euro hain zuzen. %25 kasik enpresen altxortegiak arintzeko izan dira; eta %5 zorren berregituraketak egiteko. Berme teknikoek kopuru osoaren %28,5 ordezkatu dute.
Elkargiren egungo arrisku bizia 908,6 milioi eurokoa da. 2017an onartutako operazioen %38 industriaren sektorera joan dira; %33, zerbitzuetara; %15, merkataritzara; %12, eraikuntzara; eta %2, lehen sektorera. Lurraldeka, berriz, Bizkaian banatu da berme gehien (%38,5); Gipuzkoan, %33,5 gauzatu dira; Araban, %22; eta Nafarroan, %6.
15.184 enpresa-bazkide dauzka Elkargik, Oinarrirekin fusioa egin eta urtebetera; %2,5eko hazkundea izan du. Kaudimen portzentajea %16,07koa da, 2016an baino %5,5 handiagoa. Berankortasun tasa ez da aldatu azken urtean, %6,93an jarraitzen du. Eta altxortegian 108 milioi euro daude.