EAEko administrazio publikoko langileen Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Entitateak, Elkarkidetzak, orain arte izan dituen bi pentsio sistemak bateratu egingo ditu. Elkarkidetzako presidente Jon Zabaliak atzo Bilbon azaldu zuen neurri hori iragan ostiralean onartu zela batzar orokorrean eta aurreikusita dagoela erakundearen estrategia planetan.
Entitateak bi pentsio sistema izan ditu orain arte: batean, aurretik zehazten da etorkizunean jaso beharreko pentsioa eta horren arabera, kuota aldakor bat ordaintzen du bazkideak; bestean, ordaindu beharreko aportazioa zehaztuta dago eta kotizatzaile bakoitzari dagokion pentsioaren zenbatekoa kotizazio urteek, ordaindutakoak eta funtsaren errentagarritasunak zehazten du.
Elkarkidetzak lehen sistema ezabatu eta bigarrena zabaltzea erabaki du, azkenik. Gainera, sortutako soberakinak kotizatzaileen artean banatzea ere erabaki zuen batzarrak. Zabaliaren arabera, akordioari esker orain Elkarkidetzak sistema bakarra du eta bazkide guztientzako «berme handiagoa du». Aurreratu zuen, gainera, egun dituen pentsio planak (420tik gora) bateratzeko asmoa duela. Egun 20.000 bazkide ditu, toki eta foru administrazioetako langileen %80-%90.
Elkarkidetzak bere bi pentsio sistemak bateratu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu