Lan harremanak

Elkarrizketa Sozialerako Mahaia berpizteko akordioa egin dute

CCOOk, azkenean, onartu du mahaira bueltatzea, Jaurlaritzaren eta Confebasken arteko enplegu ituna momentuz ez aktibatzearen truke

Confesbakeko, UGTko eta CCOOko buruak Jaurlaritzako lehendakariarekin, gaur. LEHENDAKARITZA
Jon Fernandez.
2018ko irailaren 27a
18:01
Entzun

Konbentzitu dute, azkenean, CCOO ere. Hautsita zegoen mahaia berregitea onartu du Loli Garciak gidatutako sindikatuak, UGTrekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta Confebaskekin batera. Lauek adostutako akordioa CCOOko zuzendaritza organoek berrestea falta da, baina, azken uneko ezusterik ezean, bihar goizean onartuko dute.

Eusko Jaurlaritzak eta patronalak bien artean adostutako enpleguaren eta prestakuntzaren esparru akordioa izan zen hiru hankako mahaia hautsi zuena; gaur jakinarazitako akordioak, hain zuzen, ziurtaten dute bi aldeko akordio hori ez dela aktibatzuko, mahaian "askatasunez aztertu ahal izateko bertan jaso diren gaiak, besteak beste, gai berriak aldatu, zabaldu eta, hala badagokio, adostea, horien gainean eztabidatu eta horiek adosteko".

Joan den apirilean desegin zen mahaia, Confebasken eta Jaurlaritzaren bi aldeko itunagatik: lehenego CCOO altxatu zen mahaitk; astebetera, gauza bera egin zuen UGTk. Iñigo Urkulluren gobernuak 2014an sortu zuen elkarrizketa sozialerako mahaia, hankamotz, ELAk eta LABek hasieratik erabaki baitzuten ez parte hartzea —ordezkaritza gehiengoa eurek daukate, %60: ELAk %41 eta LABek %19—, iritzita organo horretan ez zirela funtsezko gairik erabakiko, eta Jaurlaritzaren murrizketak zuritzeko tresna zelakoan.

Jaurlaritzak ahalegin handia egin du UGT eta CCOO apirilean hautsitako mahaira berriz ere erakartzeko. Lan Sailak eskaini zuen Jaurlaritzaren eta patronalaren arteko ituna izoztu egingo zutela, sindikatuak mahaira itzuli eta haien iritzia ere aintzat hartzeko: UGTk berehala eman zuen baiezkoa, baina CCOOk ez, berme gehiago nahi zituen. Nahikoa izan zaio gaurko akordioan jasotako promesa hau: "Jaurlaritzak eta enpresa elkarteek konpromisoa hartu dute Euskadiko Enpleguaren eta Prestakuntzaren esparru akodrioa ez aktibatzeko".

Gobernuak presaz jokatu du CCOO eta UGT mahaira erakartzeko. Dekretu bat lantzen ari da Elkarrizketa Sozialerako Mahaiari egitura instituzional bat emateko, eta bi sindikatuon babesa lortu nahi du, nahiz eta bien artean ordezkaritza sindikalaren %30 baino ez izan —%19 CCOOk eta %11 UGTk—; haien babesik gabe, ordea, oso zail izango luke jaurlaritzak dekretua plazaratzea.

ELArentzat ez da inolako ezustea izan CCOOk eta UGTk mahaia berpiztea. Adolfo Muñozek gidatutako sindiaktuaren arabera, Jaurlaritzaren eta Confebasken akatsa izan zen mahaia apurtzea, mahaitik kanpo itxi zutelako enplegurako ituna; sindikatuak uste du argi geratu dela mahaian bertan proposatu izan balute, berdin-berdin aterako zela aurrera, CCOOren eta UGTren babesarekin.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.