Ekonometroa

Emakumeek eta gizonek ez dituzte aukera berak erantzukizun handiko karguak betetzeko

Ekaineko Ekonometroak bilakaera ekonomikoaren balorazio positiboa egin du. Baikorrak dira aurreikuspenak.

Bi emakumezko lanean. MONDRAGON KORPORAZIOA
Paulo Ostolaza.
2019ko uztailaren 11
17:33
Entzun

Ekaineko Ekonometroa argitaratu du Ekonomisten Euskal Elkargoak, eta inkesta bete duten 524 ekonomisten gehiengoak (%63,2) argi utzi du gaitasun maila bertsua duten emakumeek eta gizonek ez dituztela aukera berak erantzukizun handiko karguak betetzeko; %26,7k uste dute baietz. Legez kuotak ezartzea da arazo horri konponbidea emateko neurrietako bat. Horren inguruan galdetuta, ordea, askok (%37) uste dute gaia landu eta neurriak hartu behar direla, baina ez dituzte kuotak beharrezkotzat jotzen; %31,9 daude kuoten alde. Deigarriak dira belaunaldien arteko ezberdintasunak, kuoten alde baitaude 30 urtetik beherakoen %57 eta 60tik gorakoen %46, berriz, aurka.

Ez da Ekonometroaren ondorio bakarra. Ekonomisten iritziz, Arabaren, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren bilakaera ekonomikoa oso positiboa da, eta baikorrak dira aurreikuspenak ere. Handiagoa da (%29,6) egoerak hobera egingo duela uste dutenen kopurua, okerrera egingo duela uste dutenena baino (%23,8). Adostasun handiagoa dago enpleguaren suspertzearen inguruan, %52k uste baitute langabeziak behera egingo duela datozen sei hilabeteetan.

Nazio Batuen Erakundeak 2015ean ezarri zituen garapen iraunkorrerako helburuak (GIH), planetaren babesa eta pertsona guztion ongizatea bermatzeko. Ekonomisten Elkargoak jakin nahi izan du ea ekonomialariek ba ote duten GIHen berri. %31,1ek ez dituzte ezagutzen; gehiengoa dira (%37,6) zerbait entzun dutela adierazi dutenak; %25ek ezagutzen dituzte, eta %6,4 soilik dira ondo ezagutzen dituztela esan dutenak.

Ekonomiaren gakoak

Euskal ekonomiaren egoera ulertzeko zenbait gako ere landu dira Ekonometroan. Egun, Elkargoko kideek uste dute lehiakortasunean gehien eragiten duten faktoreak soldata kostuak, I+G+b eta prestakuntza direla. Azken postuetara igaro dira iruzurra eta finantzaketa lortzea. Ekonomialarien etorkizun profesional eta pertsonalari begira, babes handiena jaso duten helburuak hauek izan dira: lan duina eta hazkunde ekonomikoa (%28,9), eta kalitatezko hezkuntza (%27,1).

Errepide berriak eraikitzearen eta Eusko Jaurlaritzak abian izan duen Renove Planaren inguruan ere galdetu zaie. Ekonomialari gehienei berdin zaie errepide gehiago eraikitzearen inguruko politika, baina politika egokia edo oso egokia dela uste dute %40k. Autoei buruz, %35ek esan dute egokiena baldintzak betetzen dituzten konbustio ibilgailuak diruz laguntzea dela eta, neurri handiagoan, elektriko eta hibridoak. %31,4k autoei diru laguntzak ez ematearen aldeko iritzia dute, beste garraio mota batzuk sustatu daitezen. Babes gutxi (%7,8) lortu du, berriz, 15 urte baino gehiagoko konbustio ibilgailu guztiak kentzeko ideiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.