Alemaniako taldeak Endesaren akzio guztiak erosi nahi ditu, eta bakoitzaren truke 27,5 euro ordaintzeko prest dago. Esku dirutan, gainera. 29.100 milioi euro atera beharko ditu sakelatik; 55,2 milioi euro, Endesaren zor handiei jaramon eginez gero. HSBC, Citibank, JPMorgan eta Deutsche Bankek emango dizkiote bermeak.Endesako akziodunak poztuko ziren arren, kopeta zimurtu du zuzendaritzak, hein batean. Atzo aitortu zuten E.ONekin ez ezik, beste hainbat lehiakiderekin biltzen jardun direla, baina ez dago «konpromisorik». E.ONen eskaintzak Endesaren benetako balioa islatzen duela ukatu zuten, gainera. Edonola ere, keinuren bat egin zioten E.ONi: esku dirutan ordaintzea eta burujabe jardutea ziurtatzea begi onez ikusten dute.Zaldun zuriak asko hobetu du, gainera, Gas Naturalen eskaintza. Lehenik eta behin, esku dirutan ordainduko duelako. Endesak Gas Naturalen eskaintza gogor gaitzetsi badu, hein batean, horregatik izan da. Gas Naturalek finantzaketaren %65 akzioen truke egin nahi zuen; eta %35 besterik ez esku dirutan ordainduta.Are nabarmenagoa da prezioaren aldea. E.ONek %30 gehiago eskaini du (balio bakoitzeko 21,3 euro eskaini zizkion Gas Naturalek; 22,4 milioi euro guztira). Are gehiago, langilerik ez duela kaleratuko eta aktiborik ez duela salduko iragarri du E.ONek. Eskaintzak aurrera eginez gero, Madrilen (Espainia) bulegoa irekiko du, eta Endesa Europako hegoaldeko eta Latinoamerikako merkatuez arduratuko da. Biek bat-eginez gero, munduko elektrizitate eta gas talde handiena sortuko dute. 50 milioi bezerotik gora izango dituzte 30 herrialde baino gehiagotan, eta 107.000 behargin jardungo dira euren lantegietan. Lehiagatik Bruselarekin arazorik ez duela izango iragarri du, halaber, E.ONek.
Gas Natural, aurrera
Hala ere, Gas Natural ez da kikildu eta atzo baieztatu zuen irailean egindako eskaintzari eutsiko diola. «Gas Naturalen proiektua sekulako aukera da Endesako akziodunentzat, Gas Naturaleko akziodunentzat eta espainiar guztientzat». Espainiako Gobernuak jakinarazi zuen «merkatuko arauak errespetatuko» dituela, baina ohartarazi zuenez, «energia bezalako sektore estrategikoetan komeni da enpresa espainiarrak izatea».
Aurrerago egin aurretik, baina, hiru baldintza jarri ditu E.ONek. Bat-egitea uztailaren 3a baino geroago itxiz gero (dibidendua ordaintzen du egun horretan Endesak), dibidendua preziotik deskontatuko du. 2.541 milioi euro dira; 2,4 euro akzioko. Endesaren estatutuak moldatu nahi ditu, gainera; Administrazio Kontseiluan boza emateko murrizketak deusezteko, adibidez; eta eskaintza indarrean izango da akzioen %50,1 hartzen baditu.«Akziodunentzat eskaintza zuzena eta erakargarria» egin dutela azpimarratu zuen atzo Wulf Bernotatek, E.ONeko presidenteak, Madrilen. Endesaren balioa «zehatz» neurtuta, eta bileretan izan duten giroari erreparatuta, Endesako zuzendaritzak ez duela oztoporik jarriko uste du. «Giro adeitsua izan dugu, eta kudeatzaileen erantzun adeitsua espero dugu».Adituak era guztietako iragarpenak egiten dituzte. Badira Gas Naturalek beste eskaintza bat egingo duela ziurtatu dutenak, eta eskaintza dantza horretan Endesaren akzio bakoitzaren prezioa 34 eurora iritsiko dela diotenak. E.ONen prezioa «garestia» dela esan dute askok, eta bada arriskuak hartzea egotzi dionik ere. «Lehen aldia da E.ON Latinoamerikan jardungo dela. Oso ausart ari da», Alemaniako HVB bankuko Karin Brinkmannen hitzetan.Urte erdirako operazioa itxita egongo da, Bernotaten egutegiaren arabera. Hori, inork ez badu beste erosketa eskaintzarik egiten. Endesako akziodunak ostiralean batzartuko dira.
BESTE AUKERAK
Zer gertatuko da orain Iberdrolarekin?
Endesako akziodunek E.ON aukeratzen badute ere, Iberdrolak irabaziko du partida, adituen ustez. Merkatuari erreparatuta, norbaitekin bat-egitekotan, Gas Naturalen aukera bakarra Iberdrola dela azpimarratu dute. 2003an egin zituzten ahaleginak, baina porrot egin zuten.Gas Natural Endesaz jabetuz gero ere, Iberdrolak sartuko luke penaltia. Operazioa finantzatzeko, Kataluniako taldeak Iberdrolarekin hitzartu zuen Endesaren hainbat aktibo saltzea: argindarra ekoizteko zentralak, gasa eta argindarra hornitzeko puntuak, Italiako planta elektrikoak eta Snet konpainia frantziarraren %65 (8.000 milioi euro ingururen truke).Atzo %8,12 irabazi zuen burtsan Endesak; %44 igo da irailaren 5ean Gas Naturalek bere asmoen berri eman zuenetik. Iberdrola %6,19 igo zen atzo; Gas Naturalek,%0,21 galdu zuen.