Europako Batasuneko 28 herrialdeetako gobernuburuek goi bilera dute atzotik Bruselan (Belgika). Lehenbiziko akordioak iragarri dituzte honezkero. Hain zuzen ere, 2030. urtean energia politikan lortu beharreko helburu berriak ezartzeko ados jarri dira.
Helmuga ezberdinak ezarri dira. Hasteko, energia kontsumoaren %27 iturri berriztagarrietatik eskuratzeko asmoa dute. Horekin lotuta, CO2 isurketak are gehiago murrizteko konpromiso berria lotu dute. Kasu horretan, %40 murriztea bilatuko du EBk, 1990. urtean zeuden isurketekin alderatuta. Energia eraginkortasuna, berriz, gutxienez %27ra igotzea da helburu berria. Eraginkortasun helmuga hori 2020. urtean berrikusiko litzateke, %30 eskuratzeko asmoari begira.
Erabaki honekin 2020. urterako finkatuta zegoen agenda energetikoari jarraipena emango dio EBk. Berriztagarrietan, isurketa jaitsieran eta eraginkortasunean %20ra iristea zen orain arteko helburua. Energia berriztagarrien erabilerari buruz dagoen azken datua 2012. urtekoa da. Eurostaten arabera, 28 herrialdeetako kontsumoaren %14 dator berriztagarrietatik.
Helburu globalak finkatu ditu Europako Kontseiluak. Haatik, politika energetikoa herrialde bakoitzaren eskuetan jarraitzen du. Hortaz, gobernu bakoitzak bere kasa egingo duen ahaleginaren menpe leudeke helburu horiek.
Interkonexioak handitu
Bestalde, Europa mailan energia merkatua integratzeko ahalegina handitu nahi dute EBko bazkideek. Argindar sektoreari dagokionez, interkonexioak - herrialde batetik besterako argindar loturak - %10era iristea nahi dute 2020. urterako, eta horretarako "premiazko neurriak" hartuko dituzte. 2030. urterako helburua %30ean jarri dute.
Ahalegin berezia interkonexio maila txikiena duten herrialdeetan sustatu nahi dute. Baltikoko herrialdeak, Espainia eta Portugal daude bereziki atzeratuta argindar merkatuen integrazioan. Halaber, arreta berezia jarriko zaie aldenduen dauden herrialdeei: Malta, Zipre eta Grezia.
Mugaz gaindiko argindar loturak areagotzearen aurka erresistentzia jarri izan du Frantziak. Hori dela eta, Pirinioak zeharkatuta loturak egiteko proiektu ezberdinak atzera bota izan ditu.