Aitor Aranburu. Ekonomista

«Enkanteak ongi atera dira, baina beldurra dago»

Iker Aranburu.
Donostia
2011ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Azken enkanteek egonkortasun pixka bat ekarriko dutela uste du Aitor Aranburu ekonomistak, baina uste du krisia lehertzeko arriskuak ez direla desagertu.

Portugalek saldu du zorra, Espainiak eta Italiak ere bai. Zer esan nahi du horrek?

Norbait badagoela haiek finantzeko prest. Beldur handia zegoen Portugalekin, eta, horregatik, astelehenean eta asteartean Europako Banku Zentrala inbertitzaileek saldu nahi zuten zor guztia erosten aritu zen. Enkantea ongi atera da, baina oso arrisku prima handiarekin: %7 espero zen, eta %6,7an saldu zuen. Hori garai bateko zabor bonuek pagatzen zutena da. Baina oraindik beldur handia dago, eta Trichetek esan du oso adi egongo dela hurrengo enkanteetan.

Datorren astean ere salbamenduez hitz egin beharko dugu?

Ez du zertan; euforiaren ondoren zaila da egoera txarrera itzultzea aste batean. Nik uste dut arrisku primak egonkortuko direla; baina datorren asteko enkanteetan erantzuna txarra bada, gerta daiteke. Agintarien adierazpenek edo aurrekontuei buruzko datuek ere garrantzi handia dute, merkatua oso sentikorra delako. EBZk ere zeresan handia du. Espekulazioaren rola berak xurgatzen badu, arrisku prima gutxitzen jarraituko du eta jendeak konfiantza hartuko du. Baina arazoak hor daude: defizitak handiak dira eta interes tasak laister igoko dituzte. Trichetek tonua aldatu du gaur, eta interesak igotzeko prestatzen ari da. Sorpresa handia izan da batzuentzat.

Saihestezina da Portugal salbatu behar izatea?

Orain dela bi egun baietz esango nizuke. Irlandarekin gertatutakoaren antzekoa pasatzen ari zen: egoera lasaitzearren, [Europako] politikariak ari ziren esaten Portugal salbatuko zutela. Enkantea gaizki atera izan balitz, aterako lirateke salbatzera. Pixka bat lasaitu da, baina ez dakit erreskatea saihestezina den ala ez.

Eta Espainia?

Arrain handiagoa da. Espainia erortzen bada, euroa ere eror daiteke, eta, beraz, ez zaio utziko. Gainera, hartu dituen neurriak ontzat jo ditu merkatuak. Beste kontu bat da Espainiako finantza sistema...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.