Erretreta hartzeko urtea 60 urtetik 63 urtera pasaraziko du Frantziako Gobernuak, eta horren aurkako greba egin dute gaur Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, baita Frantziako Estatuan ere, CFDT, CGT, FSU eta UNSA sindikatuek deituta. Enpleguaren eta erosahalmenaren alde ere egin nahi dute.
Ipar Euskal Herrian eskoletan lehen mailan grebaren jarraipena %19,70ekoa izan da, bigarren mailan %20,74koa.
Goizean Baionan milaka lagun bildu dira manifestazioan, Enplegu, erosahalmen eta erretreten alde leloarekin. Sindikatuen arabera, 5.800 lagun izan dira, Frantziako Poliziak dio 2.500 elkartu direla. Giro lasaia izan da, oihu gutxi, eta, batik bat, erretreten erreforma gaitzetsi dute. Sindikatuek salatu dute gobernuak dena dagoeneko erabakia duela eta mobilizatzen jarraitu beharra dagoela.
LABek bat egin du manifestazioarekin. "Azken urte hauetan, langileen kontrako erasoak etengabekoak dira", salatu du. "Langileen kemena eta mobilizazioak soilik geldituko ditu".
Erretreta urtea 60 urtetan atxikitzea ezinbestekoa zaie CFDT, CGT, FSU eta UNSAri, nahiz eta gehitu berantago hartu nahi duenak aukera ukan dezala. Baina orain 60tik gora finkatuz erretreta hartzeko adina, horrek lanean gazte hasiak dituela zigortuko deitoratu du CFDTko Michel Larraldek. Bide batez, lan ezberdinen nekeziak berriz aztertzeko eta kontuan hartzeko eskatu dute sindikatuek.
Beste arazoetako bat, erretreten mailakatzea, apaletik egiten dela diote. Beren iduriko, enplegua segurtatuz eta hilabete sariak goitituz erretreta kutxei eta kotizazio sozialei sos iturri gehiago eman diezaiekete. Sindikatuek argi dute erretreten diruztatzeko arazoa ezin dela gazte eta adinekoen langabeziatik bereizi.
ekoNOMIA
Enplegu, erosahalmen eta erretreten alde greba egin dute Ipar Euskal Herrian
Milaka lagun bildu dira goizean Baionako manifestazioan, Frantziako Gobernuaren neurrien aurka egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu