«Enplegu eta bizitza duinen alde» manifestazioa egin dute Sestaon

Enplegu galera Ezkerraldea astintzen ari da berriro, eta dozenaka elkarte, sindikatu eta langile batzordek bat egin dute manifestazioan. Tartean, Tubacex, ITP eta Petronorreko langileak izan dira, besteak beste.

Sestaoko manifestazioarekin bat egin dute 60 talde inguruk. EH BILDU
2021eko apirilaren 17a
18:19
Entzun

Sestaon izan da bilkura, Bizkaiko Ezkerraldea desindustrializatzen ari direla eta «miseria» okerrera doala salatzeko ahotsa goratzeko. 2.000 manifestari baino gehiago elkartu dira, antolatzaileen esanetan. «Prekaritaterik gabeko justizia soziala» eskatu dute, eta Ezkerraldean enplegua eta bizimodu duinak babestera dei egin dute, eta ohartarazi dute ez dutela haien ordainduko krisi berri honen kostua.

Kasko plazatik abiatu da manifestazioa, eguerdian, Ezkerraldea kalera. Gaurko borroka da etorkizuna leloarekin. Azken hilabeteetan enplegu murrizketak edota aldi baterako enplegu erregulazioak izan dituzten hainbat enpresatako langileak joan dira, ilaran. ITP, Mediapost, Petronor, Tubacex eta San Juan de Dios ospitalekoak. Bizkaiko pentsiodunen, feministen eta gazteen mugimenduek ere babesa eman diote mobilizazioari. Guztira 60 talde inguruk bat egin dute protestarekin.

Herrian barrrena itzulia egin dute, eta Kasko plazan bukatu dute manifestazioa, ostera. Pentsiodunen, feministen, gazteen eta langileen ordezkariek hartu dute hitza han, eta agiri bat irakurri «Ez dago pentsio duinik lanpostu duinik gabe», ohartarazi dute. Desindustrializazio prozesu basati baten erdian daudela, eta horrek Ezkerraldean langabezia eta prekaritate tasa larriak eragin dituela erantsi dute.

Kezka agertu dute, industria zegoen lekuan multinazional komertzial handiak ari baitira lekua hartzen, eta «horiek prekaritatea eta miseria ekartzen dute, emakume aurpegiarekin». Borrokan eta greban ari diren enpresetako ordezkariak batu dira protestan, baina arriskuan dauden beste enpresa batzuk edo egoera prekarioan lanean ari diren langileak ere gogoan hartu dituzte: «Inor ez dago salbu».

Gobernuei eskatu diete «pertsonak erdian jarriko dituzten politikak» garatzeko. EH Bilduko eta Elkarrekin Podemoseko zenbait ordezkarik ere parte hartu dute mobilizazioan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.