Enplegu Legea, «etsigarria» EH Bildurentzat

Koalizioak kontrako botoa emango dio legeari. Uste du legeak Lanbideren izaera publikoa ahulduko duela.

Irune Lasa.
2023ko azaroaren 27a
12:25
Entzun

Datorren abenduaren 21ean bozkatuko da Eusko Legebiltzarrean Enplegu Legea, eta horretarako azken-aurreko tramitea gaur egin dute Lan eta Enpleguko Batzordean. Bertan, EH Bildu proiektuaren kontra agertu da, eta ezezko botoa iragarri du. Pazis Garcia legebiltzarkidearen arabera, «legearen edukia zein tramitazioa bera etsigarriak izan dira, EAJk eta PSE-EEk ez dutelako ahalik eta adostasunik handiena bilatu, legea presaka eta korrika onartzea baizik, legealdia amaitzear dagoelako».

Koalizioaren iritziz, enplegu politika pasiboen transferentzien faltan, «Enplegu Legea baino gehiago, enplegu politika aktiboen legea» onartuko dute, «politika publiko integral bat garatzeko aukerarik emango ez duena».

EH Bilduren ustez, legea «atzerapausoa izango da, Lanbideri dagokionez». Lege proiektuaren bidez, Lanbideren izaera aldatuko da, zuzenbide pribatuko erakunde gisa definituko baita aurrerantzean. Koalizioaren ustez, horrek «Lanbideren izaera publikoa ahultzea ekarriko du».

Era berean, koalizioak salatu du legeak ez duela inolako urratsik egiten kooperatibak Lanbideren administrazio kontseiluan ordezkatuta egon daitezen. «Ondorioz, baztertuta jarraituko dute. Ez zaigu bidezkoa iruditzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.