Euroeskualdea

Enplegu mugikortasuna hutsaren parekoa da euroeskualdean

Egunero 3.863 lagunek zeharkatzen dute muga lanera joateko. Hendaian bizi diren gipuzkoarrak dira gehienak, lanera Hegoaldera joaten direnak.

Irun eta Hendaia arteko zubia. MARISOL RAMIREZ, ARGAZKI PRESS
Jon Fernandez.
2017ko abenduaren 15a
16:04
Entzun

Ikusezina izan arren, inoiz baino garaiagoa da Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko muga. Hain zuzen ere, datu ekonomiko batek jarri du fokua arazo horren gainean, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdeko langileen mugaz gaindiko mugikortasunak. 3.863 pertsonak bakarrik gurutzatzen dute muga egunero, beste aldean lan egiteko. Hutsaren hurrengoa da datua, kontuan izanik 8,7 milioi biztanle dituela euroeskualdeak. Hona beste datu batzuk, konparaziorako: Frantziaren eta Suitzaren arteko mugetan 170.000 langiletik gorak gurutzatzen dute muga egunero; Italiaren eta Suitzaren artean 100.000tik gorak, eta Alemaniaren eta Frantziaren artean, 146.000tik gorak.

EBko beste muga eskualdeetan ez du parekorik euskal euroeskualdearen mugikortasun ezak. "Ez da horrelakorik existitzen beste mugetan", ohartarazi du Mathieu Bergek, euroeskualdearen mugaz gaindiko lankidetzaren arduradunak, gaur goizean, Irunen (Gipuzkoa). Bere ondoan, euroeskualdea osatzen duten hiru administrazioetako ordezkariak izan dira: Izaskun Goñi Nafarroako Gobernuaren Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusia; Andde Sainte-Marie, Akitaniako Mendi eta Artzaintzako eskualde kontseilari delegatua; eta, Marcos muro, Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gazteria sailburuordea.

Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko muga fisikoa desagertuta egon arren, Nafarroako Gobernuko ordezkariak ohartarazi du bi aldeak elkarri bizkarra emanda bizi direla inoiz baino ageriago. "Pentsa zitekeenaren kontra, beharbada kulturalki urruntzen ari gara. Erronka handi bat daukagu esku artean”. Deigarritzat jo du fenomenoa, eta azaldu du bereziki kezkagarria dela nagusiki gazteek ez dutela muga gurutzatzen: "Deigarria eta kezkagarria da. Gazteak animatu nahi ditut beste aldean dauden aukerak aztertzera eta behar diren pausoak ematera". 

Deigarria zergatik den azaldu du Goñik: "Hamarkadak daramatzagu Europako Batasuan, eta pentsa zitekeenaren kontra, beharbada kulturalki urruntzen ari gara. Orain dela hamarkada batzuk mugatik gertuko bikoteak mixtoak ziren. Benetako muga bat zegoenean naturalagoa zen muga gurutzatzea".

'Hendaia efektua'

Datuen arabera, Hendaian bizi eta Hegoaldean lan egiten duten gipuzkoarrak dira egunero muga gurutzatzen duten langile gehienak. Mugaz gaindiko fluxuen %83 (3.212 langile) Iparraldetik Hegoalderako mugimenduei dagokie; eta soilik %17 Hegoaldetik Iparralderakoei. Egunero Hegoaldeko 651 pertsonak gurutzaten dute muga lanera joateko: gehienak nafarrak dira (%40), bizkaitarrak gero (%34), gipuzkoarrak hirugarrenik (%18), eta, azkenik, arabarrak (%8).

Ostera, Iparraldetik Hegoaldera joaten direnen %87 Hegoaldekoak dira jatorriz, nahiz eta Iparraldean bizi. Alegia, Lapurdin bizi diren gipuzkoarrak dira gehienak. Zehazki, Hendaian bizi dira egunero lanera Hegoaldera joaten diren 3.212 langileetatik %69, eta, Urruñan, beste %13. Etxebizitzen prezioa da horren azalpena, Bergeren arabera. "Duela hamarkada bat Frantzian metro karraua espainian baino merkeagoa zen, eta, beraz, mugatik gertuko biztanle askok bizitokiz aldatzea erabaki zuten". Horregatik, Gipuzkoan lanean jarraitu arren, Hendaian bizi dira herritar asko, eta horregatik gurutzatzen dute muga egunero Iparraldetik Hegoaldera. Nolanahi ere, Bergek gaineratu du prezioak parekatu egin direla gaur egun, Iparraldean garestitu egi direlako, eta, hortaz, etxebizitzen prezioarena jada ez dela garrantzizko faktorea.

Urruntzearen arrazoiak

Euroeskualdeko hiru administrazioek mugaz haraindiko enpleguaren gaineko inkesta aurkeztu dute gaur Irunen, Enplegua proiektuaren barruan. 2014an euroeskualdeak 2014-2020rako plan estrategikoa onartu zuen, eta ardatz nagusitzat jarri zuen eremu guztian enplegu arro bat garatzea,  besteak beste, "hiru lurraldeen arteko kohesio ekonomiko eta soziala indartzeko". Horren harira, Enplegua proiektua jarrizuten abian joan den martxoan, eta haren lehen urratsa izan da inkesta, euroeskualdeko mugaz haraindiko enpleguaren gaur egungo erradiografia.

Emaitza argia da: ez dago enplegu arrorik. Errealitate horrek bi alde ditu, Eusko Jaurlaritzako ordezkariak aitortu duenez: "Hiru eskualdeen arteko lan harremanak konpondu gabeko arazoa dira, egia da. alabaina, hazteko eta hobetzeko ahalmen handia duen lurraldea osatzen du euroeskualdeak".

Hau da, ahulgunea aukera bilakatu nahi dute hiru lurraldeek, eta, horretarako, egin beharreko lana zein den zehaztu dute. "Hizkuntza da langileen fluxurako oztoporik handienetako bat", azpimarratu dute, eta "mugaz bestaldeko bizilagunen hizkuntza ikastea" ezinbestekotzat jo dute. Prentsaurrekoan euskara izan da hiru administrazioetako ordezkarien hizkuntza komuna: euskara hutsean eman ditu azalpenak Nafarroako Gobernuko ordezkariak, eta ele bitan Jaurlaritzako eta Akitania Berrikoek.

Horrez gain, fiskalitatea eta garraioa dira beste oztopo nagusiak mugikortasunerako, txostenaren arabera. Nabarmendu dute, nolanahi ere, potentzialitatea handia dela: izan ere, euroaeskualdeko biztanleriak EBko batez bestekoa baino prestakuntza maila hobea dauka. Honakoak dira euroeskualdeko langilee profil nagusiak: zerbitzuen sektorekoak, funtzio publikoan dihardutenak eta langile autonomoak.

Lankidetzarako sektore bateragarrienak zeintzuk diren ere zehaztu ditu inkestak: aeronautika, espazioa, manufaktura aurreratua, nekazaritza-elikadura, energia berriztagarriak, basoak eta zura, itsasoko eta itsasbazterreko baliabidak, eta osasuna eta bio-osasuna.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.