Iragan otsailaren 18an, enplegu politika aktiboak eraldatzeko errege dekretua onartu zuen Espainiako Gobernuak. Espainiako lan merkatuak luzera begira izango dituen beharrei erantzuteko ezinbesteko tresna gisa aurkeztu zuen Valeriano Gomez Lan ministroak. Izan ere, luzera begirako enplegu estrategia bat osatzea da erreformaren helburua, baina estrategia hori urtebeteko iraupena izango duten planen bidez gauzatuko dute. Besteren artean, enplegu zerbitzu publikoak berriro ordenatzeko eta indartzeko neurriak eta langile bakoitzari ibilbide pertsonalizatua eskaintzeko neurriak jasoko dituzte plan horiek. Horretaz gain, enplegu politika aktiboen funts bat sortzeaz ere hitz egiten du errege dekretuak, eta esaten du funts hori enplegu zerbitzu publikoek sobera duten diruarekin osatuko litzatekeela. Horiek luzera begirako estrategia horren oinarrietako batzuk baino ez dira, lehen urratsak. Errege dekretuaren arabera, 2011ko urriaren 31rako egon behar du prest Espainiako enplegu estrategiak.
Eztabaidatzeko asko egonagatik, badira oinarrizko ideia horiekin ados ez daudenak, ELA sindikatua, esate baterako. Gomezentzat «azken 25 urteotako erreformarik garrantzitsuenetako bat» izango denak, «orain arteko enplegu politika penagarriari eusteko baino ez du balioko», Mikel Noval ELAko Gizarte Politikako arduradunaren ustez. «Langabezia datuak horren froga argia dira». Gainera, dekretuak ez ei du prekarietateari aurre egiteko zein lan araudia betetzen ez duten enpresak zigortzeko inolako neurririk proposatzen, «eta hori ere erabaki politiko bat da».
Novalen esanetan, enplegu politika aktiboak zentralizatzea da erreformaren helburua: «Enplegu politiken norabide eta antolatzeko modu berriak asko du ikustekorik beste gai batzuetan egin dutenarekin, adibidez, lan osasunaren arloan egin dutenarekin. Funtsean, gauzak zeuden moduan uztea da helburua; politiketan aldaketa handiegirik ez egitea». Eta zentralizazio kutsu hori agerian uzten duten adibide bat baino gehiago aipatu ditu, besteak beste, herritarrentzako zerbitzuen katalogoa eta langabeek jasoko duten formakuntzaren diseinua. Bi atal horiek diseinatzearen eta zehaztearen ardura Espainiako Lan Ministerioarena izango da, eta «Espainia guztirako izango dira».
Prestakuntza, lehengoan
Novalen esanetan, zentralizazio estrategia hori Espainiako Gobernuak, CCOO eta UGT sindikatuek eta CEOE patronalak hitzartu dute, eta egungo prestakuntza eredua ez aldatzea da adostu duten ereduaren funtsa. Izan ere, ELAko Gizarte Politikako arduradunaren arabera, jakina da egungo ereduak ez diela erantzuten langileen eta ekoizpen sistemaren beharrei. «Jakina da ere CCOO, UGT eta CEOEk jasotzen dutela prestakuntza profesionaleko zentroetara bideratu behar litzatekeen aurrekontuaren zati handi bat». Novali oso larria iruditzen zaio hori, «mundu guztiak dakielako egungo prestakuntza politikak porrot egin duela eta aldatu beharra dagoela».
Novalen arabera, lan erreformak lan merkatuan egindako aldaketetara egokituko dituzte enplegu politika aktiboak. «Aldaketa horien artean daude aldi baterako lan enpresak bultzatzea eta irabazi asmodun kolokazio agentzia pribatuak legeztatzea». Hori guztia, baina, enplegu zerbitzu publikoek dituzten betebeharren kontra doala uste du, «eta ez du bermatzen lanpostu bat lortzeko pertsona guztiek duten aukera berdintasuna».
Gainera, gauzak errazegi agindu dituztela uste du ELAko Gizarte Politikako arduradunak. Izan ere, herritarrei zerbitzuen katalogoa edota ibilbide pertsonalizatu eta espezifikoa eskainiko dizkietela aurreratu dute dagoeneko, baina ez hori guztia nola egingo duten. «Ez dute bitartekoak teknikoak eta giza bitartekoak gehitzeko inolako konpromisorik hartu, eta behar-beharrezkoak dira horiek garatzeko».
Enplegu politikak Madriletik zuzendu nahi dituztela salatu du ELAk
Interes ekonomikoengatik prestakuntza eredua aldatu nahi ez izatea egotzi die CEOE patronalari eta CCOO eta UGT sindikatueiErreformak lan agentzia pribatuak indartuko dituela dio, zerbitzu publikoen kaltean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu