Enplegu publikoak gutxituta 50 milioi aurreztuko ditu Jaurlaritzak

Funtzionarioen oinarrizko soldata eta antzinatasuna %0,56 eta %2,86 artean jaitsiko dituzte uztailetik aurrera. Mahai orokorreko akordioa hautsi duela ohartarazi dio ELAk Eusko Jaurlaritzari

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2010eko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak lege dekretuz funtzionarioen soldatari ezarri dion jaitsiera nola egingo duen argitu zuen atzo Eusko Jaurlaritzak. Iragarrita zuen bezala, Madrilek agindutakoa beteko du, baina bide orri propioa erabiliko du horretarako. Funtzionarioen ordaina gutxiago murrizteko asmoz, bestelako neurri osagarri batzuk jarriko ditu martxan. Besteak beste, 300 lanpostu inguru kendu, eta administrazioan egiten diren ordezkapenak gutxituko ditu. Neurriak aurki eramango ditu Eusko Legebiltzarrera, premiazko lege proiektu gisa.

Helburua: 100 milioi euro aurreztea

Hartuko dituen neurriak erabakitzeko, Espainiako Gobernuak agindutakoaren emaitza kalkulatu du Lopezen kabineteak. Espainiako Kongresuak joan den astean onartu zuen lege dekretua bere horretan ezarriko balitz, 100 milioi euro inguru aurreztuko lirateke. Aurrezki hori guztia funtzionarioen soldatari egindako murrizketetatik aterako litzateke. Helmuga hori - 100 milioi aurreztea-bere buruari ezarri dio Jaurlaritzak.

Soldatak jaitsi, enplegu publikoa gutxitu

Zenbat gastu murriztu nahi duen abiapuntu modura hartuta, hori lortzeko erabiliko dituen tresnak prestatu ditu Jaurlaritzak. Funtzionarioen ordainari murrizketak ezarriko dizkiote, baina soilik oinarrizko soldatari eta antzinatasunari, eta ez soldatak dituen bestelako osagarriei. Hortik diruaren erdia aterako da: 50 milioi euro. Aurrezkiaren beste erdia enpleguaren arloan egingo dituzten neurrietatik aterako da.

Funtzionarioen soldata zenbat jaitsiko da?

Lansarian oinarrizko soldatari eta antzinatasunari %0,56ko murrizketa egingo diote gutxienez, eta, asko jota, %2,86koa. Urte osoko soldata hartuko balitz, gutxien kobratzen dutenei %1eko jaitsiera ezarriko liekete, eta mailarik handiena duten langile publikoei, %5ekoa. Lan legepeko beharginei soldata beste hainbeste jaitsiko diete, eta sozietate publikoetako langileei ere murrizketak ezartzea proposatuko du gobernuak. Azken horiei soldata jaitsita 3,7 milioi aurreztuko dituela kalkulatu du.

Jaurlaritzak ez ditu Espainiako Gobernuaren dekretuan agertzen diren taulak erabiliko, eta eredu propioa garatu du, «progresibitatea zaintzeko».

Noiz jaitsiko dira soldatak?

Uztaileko lansarian jaitsiko dute soldata. Hori bai, bere erabakiak atzeraeragina izatea nahi du Lopezen gobernuak. Alegia, ekainean ere proportzio berean jaitsiko dituzte soldatak, beranduago izango bada ere.

Ekarpen txikiagoak

Langile publiko bakoitzaren izenean Jaurlaritzak Itzarri BGAEra egiten duen ekarpena erdira jaitsiko da, %3tik %1,5era. Murrizketa urte osoan ezarriko balitz, 30 milioi aurreztuko lirateke.

Zer gertatuko da goi kargudunen sariarekin?

Hileroko soldatatik %2,86 kenduko diete zuzendariei, %3,86 sailburuordeei, %4,86 sailburuei eta %5,86 lehendakariari. Urte osorako jaitsiera balitz, Lopezen soldata %8 jaitsiko litzateke, Jose Luis Rodriguez Zapaterok bere buruari ezarritakoaren erdia. Orain arte Espainiako presidenteak baino %14 gehiago jasotzen zuen Lopezek. Neurrien ondoren, tarte hori are gehiago zabalduko da: %24 gehiago jasoko du.

Ordezkapenekin zer gertatuko da?

Ordezkoen kontratazioa zeharo mugatuko du gobernuak aurrerantzean. Pilatutako lanari aurre egiteko kontratuen gastua %10 jaitsi nahi du, batez ere administrazio orokorrean eta Osakidetzan. Ordezkoak kontratatzeko %8 gutxiago gastatuko du.

Administrazio orokorrean hilabete baino gutxiago irauten duten gaixoaldiak eta hutsuneak ez dira ordezkatuko. Hezkuntzan, Justizian, Herrizaingo Sailean eta Osakidetzan bost egun baino gutxiago irauten dutenak ez dira ordezkatuko.

Gaur egun, 16.000 pertsona baino gehiago ari dira ordezkapenak eta antzeko lanak betetzen EAEko administrazioan. Gastu txikiago horren ondorioz zenbat kontratu gutxiago egingo diren edo enpleguan nolako ondorioak izango dituen ez du jakinarazi Herri Administrazio Sailak.

Lanpostuak ezabatuko dira administrazioan?

Administrazioko 300 lanpostu ezabatuko dira, bi alorretan:ez dira beteko erretiroen ondorioz hutsik dauden 166 lanpostu eta azken hamabi hilabeteetan estali ez diren beste 138 plaza. Horietako batzuk lan eskaintza publiko bidez berriro ateratzeko asmoa aipatu zuen lehendakariak, joan den astean egindako agerraldian, baina aukera hori desagertu egin da atzo zehaztutako edukietan.

Absentismoari, gerra

Espainiako Gobernuak agindu gabe ere, zenbait neurri Jaurlaritzak berak jarriko zituela martxan ziurtatu zuen atzo Juan Carlos Ramos Funtzio Publikoko sailburuordeak. Ramosen irudiko, absentismo handiaren ondorio da ordezkapenetan hainbeste diru gastatu behar izatea. «Gerra deklaratu diogu absentismoari. Geuretzat helburu lagaezina da».

Helmuga orokor bat ere finkatu du: absentismo tasa globala %1 gutxitzea sektore guztietan. Lanera joaten ez direnen kasuak ez ezik, produktibitatea eta «absentismo presentziala» kontrolatu nahi ditu gobernuak. Hori lortzeko neurriak azaltzeari uko egin zion Ramosek, sindikatuekin eztabaidatu arte.

Zein izan da sindikatuen erreakzioa?

Gobernuaren asmoak lehen eskutik entzuteko aukera izan zuten sindikatuek atzo. Izan ere, lehen aldiz bildu zen atzo joan den abenduan administrazioaren mahai orokorrean sinatu zuten akordioaren jarraipena aztertzeko batzordea. Bileraren ondoren, hartuko diren neurriak gogor salatu zituen ELAk. Mahai orokorrean sinatu zutena haustea eta gezurretan aritzea egotzi zion gobernuari, idazki baten bidez. «Ez dira fidatzekoak, zaila izango da bidean berriro gu aurkitzea». Bestalde, gaur aurkeztuko dute UGTk eta CCOOk heldu den ekainaren 8rako sektore publikoan iragarri duten lanuztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.