Langabezia

Enplegu sorrera eten egin da Hego Euskal Herrian

Udako hiru hilabeteetan 15.600 langabe gehiago zenbatu ditu INEk. Industrian galdu da lanpostu gehien.

Bi pertsona, Lanbideren bulego baten kanpoan. MARISOL RAMIREZ (FOKU)
jokin sagarzazu
2023ko urriaren 26a
10:44
Entzun 00:00:0000:00:00

Udako hiru hilabeteak txarrak izan dira Hego Euskal Herriko lan merkatuarentzat. INE Espainiako Estatistika Institutuak biztanleria aktiboaren inguruan egindako inkestaren arabera, 15.600 langabe gehiago daude lau herrialdeetan, 119.100 guztira; langabezia tasa puntu bat igo da bigarren hiruhilekoarekin alderatuta, eta %8,5ean kokatu da.

Emakumeen eta gazteen artean handitu da gehien langabezia: beste 13.600 emakume daude lanik gabe —2,2 puntuko igoera—, eta %9,6 da tasa. Guztira, 64.400 andre daude lanik gabe, langabe guztien %54. Gizonen artean, berriz, nabarmen txikiagoa izan da igoera: 1.600 langabe gehiago zenbatu ditu INEk. Tasa hiru hamarren igo da, %7,6raino. Guztira, 54.700 gizon daude lanik gabe.

Industrian galdu dira lanpostu gehienak: 11.400. Zerbitzuen sektorean, berriz, 10.700 sortu dira. Azken urteetan, zerbitzuen sektorea gero eta pisu handiagoa hartzen ari da Hego Euskal Herriko lan merkatuan, industriaren kaltetan. Iaztik, 9.500 pertsona gutxiago daude lanean bigarren sektorean; hirugarrenean, berriz, 36.200 gehiago.

Ikasturtearen amaieran ohikoa izaten den moduan, jende gehiago dabil lan bila: 15.500 gehiago. Baina hori ez da modu berean islatu enpleguaren sorreran. Izan ere, lana dutenen kopurua aurreko hilekoaren berbera da: 1.273.800. Kopuru handia da, halere. 2008. urtera egin behar da atzera antzeko kopuru bat aurkitzeko.

Lan bila jende gehiago aritzeak eta landunak ugaritu ez izanak azalduko lukete langabeziaren igoera. Beste arrazoi batzuk ere badaude, urtaroarekin lotuta: adibidez, udan, urtero gertatu ohi den moduan, hezkuntzari lotutako langile batzuk kaleratzen dituzte —garbitzaileak, jantokietako langileak, irakasle batzuk...–, eta abuztu amaieran udarako langileen kontratuak amaitu edo eteten dira.

Are nabarmenagoa egin da hori 2022ko lan erreformarekin. Horrek ugaritu egin ditu aldizkako kontratu finkoak, eta halakoak dira udako hilabeteetan etendakoetako asko. Horrek emakumeen artean izandako igoera ere azalduko luke, bereziki haiek baitituzte lan horietako asko.

Gazteen artean ere nagusi dira aldizkako edo behin-behineko kontratuak. Haien artean ere nabarmen egin du gora lanik ez dutenen kopuruak. 16 eta 34 urte bitartekoen artean 8.300 gehiago dira, bigarren hiruhilekoan baino, eta %31koa da langabezia tasa adin tarte horretan. Hego Euskal Herriko langabe guztien %41 dira.

Lurraldeka, Araban handitu da gehien langabezia tasa: 2,5 puntu, eta %9,15ean kokatu da; 4.000 langabe gehiago zenbatu ditu INEk. Kopuru absolutuetan, Gipuzkoan handitu da gehien: 8.000, eta tasak 2,2 puntu egin du gora, %8,67raino. Bizkaian, 1.500 langabe gehiago daude, eta hangoa da tasarik txikiena: %7,87. Nafarroan, berriz, 2.100 pertsona gehiago daude lanik gabe, eta han dute tasarik handiena: %9,29.

Udazkenera begira

Udazkenean datu hobeak espero dira, historikoki hala gertatu izan baita —ohikoa izaten da udan hezkuntzan galdutako lanpostuak irailean eta urrian berreskuratzea—, eta jarduera ekonomikoa bizkortzea espero baita.

ELA sindikatua, halere, ezkor azaldu da. «Datu negatiboak direla ondoriozta dezakegu. Pertsona okupatuen kopurua murriztu ez arren, ikusten dugu langabeziak nabarmen egin duela gora, eta, gainera, kolektibo kalteberei eragin diela igoerak, eta, ondorioz, are gehiago prekarizatzen dituela. Bestalde, garrantzitsua da industriaren egoera aipatzea, pertsona okupatu asko galdu baititu, eta horrek ondorio negatiboak izan ditzake gure lurraldeko egoera ekonomikoan datozen hilabeteetan».

LABek emakumeen egoera nabarmendu du. Azaldu du emakume gehiago ari direla lan bila gizonezkoak baino, eta lan horien baldintzak gero eta kaskarragoak direla. «Prekarizaturiko lan merkatuak eta zaintza lanek zamatuta, geroz eta emakume gehiagok dituzte bi lanaldi».

CCOOk analisi baikorragoa egin du. Hirugarren hiruhilekoan datuek okerrera egin arren, kontratu finkoa dutenak gero eta gehiago direla azpimarratu du. Dena den, adierazi du enpleguaren kalitatea hobetzeko ahaleginak indartu behar direla, «bereziki lanaldi partzialeko eta plataforma bideko kontratuetan».

Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Enpleguko kontseilariak INEren inkestaren balorazio «anbibalentea» egin du, «langabezia handitu delako, baina baita okupazioa eta biztanleria aktiboa ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.