Irail pattal bati, urri nahasi batek jarraitu dio Hego Euskal Herriko lan merkatuan. Langabeziaren jaitsiera iazkoaren oso azpitik geratu da, 2017ko urrian 1.966 lagunek utzi baitzioten lanik gabe izateari. Hori bai, orduan baino langabe gutxiago daude gaur egun lau lurraldeetan, 9.782 gutxiago, hain zuzen ere.
Langabezia tasa ere beherantz ari da: %12,4koa zen duela urtebete, eta %11,7ra jaitsi da orain. Biztanleria aktiboaren inkestaren datuek langabezia tasa txikiagoa ematen dute, %9,3koa Euskal Herri osoan.
Bizkaiari zor zaio langabeziaren jaitsiera (-746), igo egin baita Gipuzkoan (+93), Nafarroan (+63) eta Araban (+33).
Baina langabeziari beharrean landunen kopuruari begiratuz gero, urriak oso bilakaera positiboa izan du: irailean baino 21.118 lagun gehiago zeuden kotizatzen Gizarte Segurantzara. Iraila eta urria hilabete onak izan ohi dira alde horretatik, enplegua berreskuratzen baitute udan galdutako askok, hezkuntza sektorean batez ere. Irailean, esaterako, 4.638 lagun gehiago batu ziren Gizarte Segurantzara.