Enplegua erregulatzeko dosierrek 64.242 langileri eragin diete aurten

Urtarriletik abuztura, 2.185 dosier onartu dituzte Eusko Jaurlaritzako Lan Zuzendaritzak eta Nafarroko Gobernuak

Donostia
2009ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Urtarriletik abuztura, enplegua erregulatzeko 2.185 dosier onartu dituzte Hego Euskal Herrian. Eta, orotara, 64.242 langileri eragin diete espediente horiek. Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak eta Nafarroako Gobernuak atzo eta herenegun argitara eman zituzten datuak dira.

Aurtengo lehen zortzi hilabeteetan, 1.783espediente onartu ditu Eusko Jaurlaritzako Lan Zuzendaritzak, izapidetutako espedienteen %95. Ezezkoa eman die 31 dosierri, eta beste 63 baztertu ditu. Nafarroako Gobernuak, berriz, jasotako 483 espediente eskaeratik bosti baino ez die ezezkoa eman, %1,02ri hain zuzen.

Zortzi hilabeteotan aurkeztutako espedienteen arrazoi nagusia, enpresek eskaeretan izandako jaitsiera da. Horren ondorioz, gutxiago ekoitzi eta saldu dute. Horregatik, onartutako espedienteen %95 aldi baterakoak edo kontratu etendurakoak dira.

Merkatua bere onera itzuli ahala eskaerak ugaritu eta ekoizpena handitzea espero dute dosierrak aplikatu behar izan dituzten enpresek. Hala, langile bakoitza bere lanpostura itzuliko litzateke normal-normal. Espedienteen %5, ordea, behin betikoak edo kontratuen haustura eragiten dutenak dira.

Jakina denez, industria da sektorerik kaltetuena, handik baitatoz Araba, Bizkai eta Gipuzkoako espedienteen %72. Zerbitzuen sektorea dago bigarren lekuan, dosierren %19rekin; eraikuntza, %5ekin; eta nekazaritza, %4rekin.

Lurraldeka, Gipuzkoako enpresek jarri dute enplegua erregulatzeko dosier gehien martxan; urtearen hasieratik hona 733, hain zuzen. Bizkaian, 728 izan dira; Nafarroan, 478; eta Araban, 246.

Aurten Hego Euskal Herrian indarrean sartu diren hamar dosierretik bederatzi adostutakoak izan dira. Hau da, enpresetako zuzendaritzak eta langileen batzordeak bat etorri direla espedientea aplikatzeko baldintzetan.

Ehuneko hori txikiagoa da dosierrak kontratuen haustura eragiten dutenean. Kasu horietan, enpresen egoera kaskarragoa izaten da eta langileek ere baldintza hobeak exijitzen dituzte lanpostua behin betiko uztekotan.

Beheranzko joera

Urtearen hasiera bereziki gogorra izan zen, lehen bi hilabeteetan 20.000tik gora langileri eragin zieten dosierrak onartu baitziren Hego Euskal Herrian. Martxotik ekainera, nahikoa egonkor mantendu zen kaltetuen kopurua. Hilean 8.000 eta 9.000 langile berri artean geratu ziren dosierren eraginpean. Uztailean, berriz, zertxobait gutxiago izan ziren, 6.300 pasatxo.

Abuztuan, dezenteko jaitsiera izan du dosierrek eragindako langileen kopuruak, 3.740 izan baitira. Eusko Jaurlaritzako Lan Zuzendaritzak 177 espediente izan ditu esku artean, eta horietatik 163 onartu ditu, uztailean baino 74 gutxiago. Dosierrik gehienak etendurakoak izan dira.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan nabarmen egin du behera espedienteek eragindako langileen kopuruak ere abuztuan. Hain zuzen, 3.533 lagun izan dira kaltetuak; uztailean baino 1.545 gutxiago.

Azpimarratzekoa da Bizkaian izan den jaitsiera, bai espedienteen kopuruan, bai haiek eragindako langileen kopuruan. Izan ere, uztailean 2.763 langile izatetik abuztuan 1.069 izatera pasatu dira.

Gipuzkoan okerragoa izan da abuztua. Onartutako dosierrak uztailean baino gutxiago izan diren arren, haiek eragindako kopuruak gora egin du, 1.710etik 2.291ra. Horren arrazoia da bi enpresak espedienteak aurkeztu dituztela; horietako bat oso enpresa handia, 700 langile ingurukoa. Bi kasuetan, aurkeztutako dosierrak adostutakoak izan dira.

Araban, uztailetik abuztura, behera egin dute onartutako espediente kopuruak zein haiek eragiten dien langileen kopuruak.

Nafarroan, berriz, hemezortzi dosier onartu dira abuztuan; horietatik hamazazpi, etendurakoak, eta bat, hausturakoa. Dosier horiek 208 langileri eragin diete, uztailean baino %83 gutxiagori, orduan 1.282 izan baitziren kaltetuak.

Kontuan hartzekoa da, ordea, abuztuan enpresa asko itxi egiten direla, eta jarduera guztiak bertan behera uzten dituztela. Beraz, iraileko datuak izango dira gakoa, joera hori baieztatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.