Oker nenbilela aitortu behar dut. Duela urtebete iragarri nuen aurrekontuak zehazten hasi bezain pronto hasiko zirela funtzionarioen protestak ere. Zerga bilketa nola jaisten ari zen ikusita, zenbait gastu murriztuko zirela garbi zegoen, baina ez nuen uste langile publikoak guraizeaz libratuko zirenik. Eusko Jaurlaritzaren kasuan politikoki ulergarritzat jo daiteke mozketak beste atal batzuetanhastea: inkestetan gaizki eta legitimitate aldetik herren, bere langileekin borrokan hasi nahi ez izatea logikoa zen. Gainera, bere irudiari bultzada emateko, hirukoak lortu ez zuena lortu zuen: ELArekin akordioa. Horretarako, soldatak %0,3 igo ez ezik, sindikatuen aspaldiko aldarrikapen bati kasu egin behar izan zion: behin-behineko langile asko finko egitea.
Baina zenbakiak egoskorrak dira, eta funtzionamendu gastuak gutxitzeko asmoa du orain Jaurlaritzak. Helburu horretan giroa du lagun Gasteizko Gobernuak: langile publikoen «pribilegioen» aurkako purrustadak oso hedaturik daude, eta espero izango du elkartasun handirik ez dutela jasoko protestan hasten badira. Prentsa ekonomiko liberalenean ohikoak dira «funtzionario bakoitzak ez dakit zenbateko kostua dakarkio familia bakoitzari» eta antzekoak. Baina muturreko iritzi horietatik aparte, egia da sektore pribatuan uste zabaldua dela sektore publikoan lan egitea mauka dela, eta are gehiago langabezia ate joka datorrenean.
Besterik da funtzionarioek murrizketak isilik onartzea. Agian urtean soilik egin nuen huts.
ENPLEGUA SEKTORE PUBLIKOAN. Urtebeteko atzerapena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu